Banco Sabadell ere “estalgabetu”ko komisioak itzultzen ari da txintik atera gabe

Duela bizpahiru urte ea miraria zen banku batek berehala eta inolako eragozpenik jarri gabe komisio baten dirua itzultzea kobratze hura bidegabe edo abusuzkotzat jotzen zuen bezero batek aurkezten zion erreklamazio sinple bati erantzunean. Aspaldi honetan, ordea, ez da hain gauza bitxia eta zorionez gero eta gehiago ikusten ari da.

Halako aldaketa azal dezaken arrazoi bakarra da bankuen gehiegikerien aurkako eskaera judizialetan konsumitzaileen aldeko epaiak pilatzen ari direla; zoru-klausulak, hipotekaren eratze-gastuak, “zenbaki gorrien” komisioak eta horrelakoen aurkako epaiak hain zuzen ere.

Gaurko “arrakasta kasuan”, martxoaren 21ean argitaratu genuenarekin ea bikian denean, nabarmenki islatzen da bankaren edo zenbait bakuren jarrera aldaketa deigarri hau aurkezten zaizkien eta bidezkoak diren erreklamazioen aurrean. Horrek ez du halaber esan nahi zeharo garbi jokatzen ari direnik orain finantza entitateak. Ez horixe. Izan ere, erreklamatzen duten kontsumitzaile gutxiei ea borrokatu gabe itzultzen dizkieten komisio berberak erreklamatzen ez duten kontsumitzaile askori, beste guztiei, kobratzen jarraitzen dute bankuek.

Iazko uztaliaren 12an EKA/ACUV-eko J.I.U. bazkideari 35 euroko “estalgabetu”ko komisio bat kobratu zion Banco Sabadellek. Hurrengo egunean J.I.U. gure Bilboko bulegora joan zen eta bertatik kobratze hori atzera egitea eskatzen zuen erreklamazio bat bidali zitzaion bankuari. Haren erantzuna uztailaren 25an heldu zen eta baiezkoa izan zen, inolako eztabai eta trabarik gabe: “Azaldutako kasuari buruz beharrezko informazioa bildu ondoren, jakinarazten dizugu zure bulegoak, zure interesen aldeko irakurketa eginaz, erreklamatu diguzun komisioaren kobratze atzeratzea berehala egingo duela”. Horixe zion, besteak beste, gure bazkideak jaso zuen Banco Sabadellen gutunak. Eta biharamunean, uztailaren 26an, 35 euroak bere kontura itzuli ziren.

Konklusioa (hitz lauetan): haurrak negarrik ez, titirik ez. Gaur egun bankuen aurreko arrazoizko erreklamazioak arrakastatsu suertatzea (eskaera zuzenak zein Justizian jarritakoak) inoiz baino gertagarriagoa da.

Utzi iruzkina