Telebistan Madre Fuerza SL-ren iragarki bat ikusi ondoren, 2016ko ekainaren 21ean EKA/ACUV-eko M.L.L.M. bazkideak 356,5 euroko soineko bat erosi zion telefonoz egoitza Sevillan duen enpresa horri eta egun berean banku-transferentziaz ordaindu zuen. Baina etxera heldu zitzaion soinekoa ez zen hitzartutakoa; kalitatean, konposizioan eta akaberan ezberdina zen.
Hilabete eta astebete geroago, uztailaren 27an, Bizkaiko Enkarterriko KIUB-aren bitartez, M.L.L.M.-k Madre Fuerza SL-ri kontratua bertan behera utzi eta dirua berreskuratu nahi zuela komunikatu zion. Enpresak uko egin zion eskaerari, urrutiko salmentan atzera egiteko eskubidea gauzatzeko 14 egun naturaleko epea gaindituta zegoela argudiatuz, eta diruaren itzulpenaren ordez 356,5 euroko txartel bat eskaini zion gure bazkideari. M.L.L.M.-k txartela errefusatu zuen eta aipatu eskubidea exijitzen tematu zen. Enpresaren ezetzaren aurrean, M.L.L.M.-k haren aurkako eskaera bat jarri zuen 2017ko apirilaren 5ean Balmasedako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1. Epaitegian.
Epaiketa aurtengo martxoaren 21ean egin zen eta Madre Fuerza SL ez zen agertu, “erantzun-idazki” bat bidalita bere defentsan. Auzi-jartzaileak baieztatu zuen heldutako soinekoa ez zela kontratatukoa izan, erosketa telefonoz egin zuen unean ez zuela atzera egiteko eskubideari buruzko informaziorik jaso eta soinekoarekin batera ez zuela eskubide hori gauzatzeko formulario fisikorik ere jaso. Horren aurrean, Madre Fuerza SL-ren erantzun-idazkiak zioen soineko zuzena bidali zuela, uko egiteko eskubidea erosketako tiketean aipatuta zegoela eta www.raquelbollo.es bere weborrian ere azalduta dagoela.
Epaitegiak weborri horrek uko egiteko eskubideari buruz informatzen duela onartzen du, baina horren gainetik azpimarratzen du Madre Fuerza SL-k ez dituela erosketaren tiketa ezta uko egiteko formularioa ere epaiketan azaltzen eta enpresak ez duela frogatzen “eskaera egin baino lehen era argi eta nabarmenean” eskubide horri buruz erosleari informaziorik eman ziola; hau da, saltzaileak ez zuen eskubide horri buruz erosleari behar zen moduan eta unean informaziorik eman; eta ohiko saltokietatik kanpoko salerosketetan (telefonoz, Internetez, etxez-etxe) hori gertatzen denean, kontratua atzera botatzeko 14 egun naturaleko epea (produktua erosleari heltzen zaionean hasten dena) urtebeteraino luzatzen da, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Denfentsarako Lege Orokorraren 97.1. artikuluak agintzen duenaren arabera.
Hortaz, gure bazkideak uko egitea legezko epean egin zuen eta enpresak ez zuen zuzenki gauzatutako uko egite hori onartzeko beharra bete. Eta, hori guztia ikusita eta frogatuta espero zitekeen bezala, Balmasedako Lehen Auzialdiko eta Instrukzioko 1. Epaitegiaren epaiak, joan den martxoaren 27an emanak, M.L.L.M.-ri 356,5 euroak gehi pilatutako interes legalak ordaintzera eta epaiketa-kostuak era ordaintzera zigortu zuen Madre Fuerza SL enpresa.