AMAZON: ZURE WEBORRIAN ESKAINTZEN DUZUN PRODUKTU BAT EROSTEN DUENARI KOBRATZEN ETA BIDALTZEN DIOZU… ETA SALTZAILEA EZ ZARELA DIOZU?

Saltzailea ez izatea defendatu arren, multinazionalak mugikor akastun batengatik ordaindutako 99,99 euroak itzuli dizkio kontsumitzaile bati salbuespenezko “merkataritza-keinu” batez.

Bere weborrian eskainitako produktu bat erosten duen kontsumitzaile bati produktua kobratzen eta etxera eramaten dion enpresa… ez da saltzailea? Amazonen arabera, ez; behintzat jarraian azaltzen dugun kasu bitxian.

Iazko apirilean, M.V. bilbotarrak 99,99 eurotan salgai zegoen Oukitel U7 Plus 4G telefono mugikor bat aukeratu zuen Amazonen weborrian. Bere kreditu-txartelarekin ordaindu zion Amazon*Mktplce EU-ES-i (horrela agertzen da banku-kontuan ordainketaren erregistroan) eta segituan Amazonek etxera bidali zion. Azaroan, oraindik berme-aldian zegoelarik (bi urtekoa da bermearen epea produktu berrientzat), telefonoa hondatu zen eta bezeroak, kostata ere, Amazonekin harremanetan jartzea lortu zuen mugikorraren konponketa, aldaketa edo diruaren itzulpena eskatzeko.

Amazonek erreklamazioa Fudisi Tech enpresa omen zen “saltzaile zuzenari” bidali behar ziola erantzun zion. Telefonoa Amazoni erosi ziola argi bazuen ere, M.V.-k Fudisi Techekin hitz egin zuen eta honek bermearen gaineko erantzukizuna Amazoni zegokiola erantzun zion, Amazon izan zelako salmenta egin ziona. “Batarekin eta bestearekin hitz egiten dut, patata beroa pasatzen diote elkarri, hilabeteak aurrera doaz… eta bietako inork ez dit konponbide bat ematen”, gogoratzen du kontsumitzaileak.

Aurtengo apirilean jada eta EKA/ACUV-en aholkuari jarraituz, M.V.-k posta elektronikoz luzatzen dio Confianza Onlineri Amazonen aurkako erreklamazioa. Erantzunik jaso gabe hiru hilabete igarota, (“ez zutela nire emaila jaso esan zidaten…”), telefonoz deitu eta Confianza Onlinek Kontsumitzailearen Europako Zentroari laguntza eska diezaiola gomendatzen dio, Amazon ez bait dago atxikita Confianza Onlineko borondatezko arbitraje sisteman eta jakinarazpenetarako bere helbidea Espainiatik kanpo (Luxenburgon) daukalako.

Kontsumitzailearen Europako Zentroaren erantzuna: mugikorraren eskaera-notan agertzen den helbide sozialaren erreferentzia www.amazon.es denez, Amazon da saltzailea eta bermearen erantzulea; bidal iezaiozu berriro erreklamazioa KIUB baten bidez.

Eta horixe egiten du kontsumitzaileak, uztailean, Bilboko KIUB-etik. Amazonek abuztuaren 9an erreklamazioa jaso eta hilabete beraren 30an zazpi orrialdeko erantzuna bidaltzen dio KIUB-ari. Horretan dio Amazonek ez duela mugikorraren bermearen gaineko inolako erantzukizunik saltzailea ez delako. Marketplace izeneko bere zerbitzuak, dio, “merkataritza-gune birtuala lez funtzionatzen du, non saltzaile desberdinek (Amazonekin zerikusirik gabekoak) bere espazioa dute toki hori bisitatzen duen edonori bere produktuak eskaintzeko eta zuzenean saltzeko”. Beste era batean esanda, “Amazon hirugarrenen datu-bilketa eta ahokaleku zerbitzua ematera mugatzen da, Marketplace Servicesen bidez Amazonekin zerikusirik ez duten saltzaileen eta erosleen artean salerosketak gauza daitezen, horietan Amazon inoiz parte-hartzaile ezta bitarteko ere izan gabe”.

M.V. harrituta geratzen da aurrekoa irakurrita: “Nik mugikorra Amazonen weborrian erosi nuen, Amazonek kobratu eta etxera ekarri zidan… Nolatan dio hori?”. Amazon mugikorra saldu zuela irmoki ukatzen tematzen da eta bere jarrera defendatzen du arrazoia ematen omen dioten legezko artikuluak eta Espainiako kontsumoko organismo publiko ezberdinetako erabakietako laburpenak erakutsiz.

Hori guztia argudiatuta ere -eta hona hemen kasu honetako azken ezustea-, Amazonek (erantzun luze berean) mugikorrak balio izan zituen 99,99 euroak itzultzea erabaki duela komunikatzen du: “(…) bezeroaren salbuespenezko egoera kontuan izanda (ez du zehazten zein den egoera hori) eta ikertutako gertaeretan inolako erantzukizunik eduki ez arren, Amazonek merkataritza-keinu bat izatea erabaki du eta, salbuespenezko eran, erreklamatutako produktuagatik ordaindutako 99,99 euroko opari-txeke bat eman dio”. Ez zen zehazki opari-txeke bat izan, baizik eta, hobeto oraindik, M.V.-ren baku-kontuan aipatu kantitateagatik diru-itzultzea.

Arrakasta Kasuetako sail honetan amaiera bera izan duten hainbat kasu argitaratu ditugu dagoeneko: kontsumitzaileari arrazoia ukatu arren, bere kexa asetzen du enpresak harekin salbuespenezko “merkataritza-keinu” bat edukiz. Deigarria benetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude