Air Francerekin bilbo-miami joan-etorriko bidaiaren “odisea”: 1.447 euro kalte-ordainean

Kantzelazioa, atzerapen handia joaneko eta itzuliko bidaietan, bagaiarekin arazoak, aurrez ordaindutako ostatuan eta ekintza batean egun bat galduta… Duela hilabe batzuk EKA/ACUVeko I.I.C. bazkideak Air Francekin egin zuen Bilbo-Miami-Bilbo hegaldietan ea denetarik gertatu zen.

Joaneko bidaiak Parisen zuen geldialdia. Baina Bilbo-Paris hegaldia eguraldi-arazoengatik bertan behera utzi zen. Air Francek plana aldatu zuen orduan: geldialdia Madrilen izango zen. Bilbo-Madril hegaldia, ordea, atzeratuta abiatu zen eta gure bazkidea berandu heldu zen Madril-Miami hegaldira. Ibilbide aldaketa berriro: Madrildik Lisboara eta bertatik Miamira.
Bide hortatik bai I.I.C.k Floridako hirira heltzea lortu zuen. Hori bai, behar baino egun bat beranduago, bagaia berandu eta kalteturik hartuta eta kontratatuta zeuzkan ostatuko hiru egunetatik bat eta Miamirako bidaiaren xedea zuen konferentziaren hiru egunetatik bat ere galduta. Air Francekin bidaia gorabeheratsu hura borobiltzeko, Bilbora itzulia ere atzerapen handiz hasi eta amaitu zen (bost ordu baino gehiagoko atzerapena).

EKA/ACUVeko Iñaki Velasko abokatuaren laguntzaz, gure bazkideak Bilboko bigarren zenbakiko Merkataritza-Arloko Epaitegian demandatu zuen Air France, “kalte moral”engatik 250 euroko ordaina barne zeraman kalte-ordain handia eskatuz. Aire konpainiak itzuliko atzerapen, bagaiarekiko arazo eta ostatuan zein konferentzian galdutako egunengatik kalte-ordainak ematea onartu zuen, baina ez “kalte morala”koa ezta joaneko bidaiaren atzerapenakoa ere. Azken hau Bilbo-Pariseko hegaldiaren kantzelazioan oinarritzen zuen Air Francek eta kantzelazioa eguraldi-arazoei egotzita erantzukizunik ez zuela argudiatu zuen epaiketan.

Bilboko bigarren zenbakiko Merkataritza-Arloko Epaitegiak ez zuen “indarrezko egoera” ikusi kantzelazioan, aire-garraioari datxekion “ezusteko egoera” baizik, konpainiaren erantzunbeharra kentzen ez duena.

Epaitegiak ez zuen demandak eskatutako “kalte moralagatiko ordaina” ere onetsi, “ez duelako zentzu objetiboko inolako baliabiderik azaldu demandatutakoa horren aurka defendatu ahal izateko eta gero epaitegi honek horren gaineko epaia eman ahal izateko”.

Hortaz, joan den martxoaren 16an emandako epaiak I.C.C.ri 1.446,7 euroko kalte-ordaina ematea agindu zion Air Franceri: joaneko bidaian izandako atzerapen handiagatik 600 euroko kalte-ordain automatikoa; konpentsazio berbera itzuliko bidaiaren atzerapenagatik; 70,20 euro bagaia ematean atzerapenagatik; 63,90 euro kaltetutako bagaia ordezkatzeko gastuengatik; 49,71 euro ostatuko gau bat galtzeagatik; eta 60,93 euro konferentziako egun bat galtzeagatik.

Utzi iruzkina