Abusuzko baldintzaz jositako kontratua duen Dogbuddy.com-ek bidegabeko zigor bat itzuli behar izan du

DogBuddy.com maskotak zaintzeko eta ostatuan hartzeko zerbitzu ezberdinak kontratatzeko animalien jabeak eta “kanguruak” harremanetan jartzen dituen weborria da, maskotaren jabeari itzuliko ez den (eta inon zehazten ez den) inskripzio kuota bat eta zerbitzua amaitzean “kanguruak” kobratzen duenaren %15 kobratzen dizkiona.

Abuztuaren 8an, EKA/ACUVeko bazkide den A.T.k weborri horretan inskribatu zen eta bere txakurra hile horretako 11tik 19ra zaintzeko “kanguru” bat eskatu zuen. Une horretan, eta bere txartelaren zenbakia zegoeneko emanda, DogBuddy.comek 129 euro atxikitzen dio “kanguru” batek gordekina baieztatu arte eta horrekin kontratua sinatutzat ematen den arte. Hori hurrengo egunean gertatzen da. Segituan, “kanguruak” emailez idazten dio A.T.ri honen txakurra oso zaunkalaria den galdetuz. Dirudienez, “kanguru” horrek, txakurrak bere etxean hartzen dituena, arazoak izan ditu bere auzokoekin lehen hartutako txakur batzuk oso zalapartariak zirelako. Gure bazkideak erantzuten dio bere txarruak zaunka egiten duela soilik ordu asko bakarrik uzten bada etxean.

Gordekina eta harekin batera kontratua baieztatzen dira, baina “kanguruaren” galderak kezkatsu utzi du A.T. eta honek ordu batzuk beranduago erreserba eta kontratua kantzelatzen ditu. Dogbuddyk hasieran atxikitutako 129 eurotatik 69 euro itzultzen dizkio orduan. 60 euro falta dira.

A.T. EKA/ACUVera dator eta abokatu batek xeheki aztertzen du kontratua, “Términos y condiciones” izenburuarekin weborrian “eskegita dagoena” eta 5.948 hitz 451 lerrotan dituena. Luzera izugarrizko testu korapilatsu horretan Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren artikulu batzuen arabera irregulartasun nabarmen eta abusuzko klausulak diren asko aurkitzen ditu abokatuak. Adibidez, DogBuddy.comek “kanguruen” jokaeraren gainetik inolako kontrolik ez duela dio eta edozein erantzunbeharrez aske dagoela ere. “Guk ez ditugu zerbitzuen mota, osotasuna ezta kalitatea ere bermatzen”, ohartarazten du kontratuaren testuak. “Zuk edoizen bermeari uko egiten diozu”. “Zuk DogBuddy, bere zerbitzu-zuzkitzaileak eta agente guztiak (…) erreklamazio, kexa, eskaera, erantzukizunetatik aske uzten dituzu (…)”. “Kantzelazioetan eta diru-itzultzeetan izan daitezken auzietaz Dogbbudi.com ez da inoiz ere erantzule izango”.

Dogbbudyren kontratuan beste irregulartasun larri bat dago: ohiko saltokietatik kanpoko salmentan, urrunezko kontratazioetan, kontsumitzaileak daukan atzera egiteko eskubidea ez du inon ere aipatzen, berak salmenta-mota hori egiten badu ere eta horregatik bere kontratuetan eskubide hori argi eta garbi azaldu eta errespetatu behar badu ere. Eskubide horren arabera, kontsumitzaileak erosketa bat atzera bota dezake, kontratu bat bertan behera utzi dezake 14 egun naturaleko epean erabaki hori justifikatu behar gabe eta inolako zigorrik jaso gabe. Eta horixe da hain zuzen ere gure bazkideak egin zuena: kontratua onetsi eta ordu batzuk beranduago berau desegin.

EKA/ACUVeko abokatuaren azken pausua, erabakigarria, Dogbbudy.comengana jotzea izan zen bere kontratuan aipatu irregulartasunak zehaztuz eta aurpegiratuz eta bidegabe hartutako 60 euroen itzulpena exijituz. Berehala egiten ez bazuen eskaera judiziala jarrioko ziotela esan zion ere DogBuddy.comi abokatuak. Eta weborriak (abokatuak atzera egiteko eskubidea aipatu zionean “zerezko eskubidea?” erantzun zuela) A.T.ri 60 euroak itzuli zizkion erresistentzia gehiagorik gabe.

Utzi iruzkina