EKA/ACUV-eko bazkide batek eskatu eta jakin gabe “kontratatutako” zerbitzu batek sortutako ordainketak itzuli ditu Vodafonek

Velbox

Martxoko eta apirileko Vodafoneren fakturetan EKA/ACUV-eko J.J.U.G. bazkideak 14,50 eta 7,25 eurotako ordainketak ikusi zituen Velbox Playplanet-i eginak. “Velbox Playplanet? Zer ote da hori?”, pentsatu zuen harrituta bezain kexkatuta.

Bilboko EKA/ACUV-eko bulegora dator eta gure abokatuetako batek ea Velbox Playplanet izeneko horrekin telefonozko zerbitzuren bat kontratatu duen edo galdetzen dio. Ezetz dio gure bazkideak, inolaz ere ez. Googlen bilaketa arrunt batek berehala erakusten du Playplanet “Android-entzat joku aplikazio berezkoen deskargak egiteko webapp bat” dela, “mugikorrarentzat jolas produktuak” eskaintzen dituen Velbox izeneko enpresarena, eta kontsumitzaile piloak, horietatik asko Vodafoneko bezeroak, aipatu enpresa egiten ari zaien iruzurra salatzen duela, eskatu eta kontratatu ez duten zerbitzua ematen dielako eta gero telefonia konpainiak zerbitzu horren kostuak kobratzen dizkietelako “Hirugarrenei Ordainketak” izeneko zerbitzuaren bidez.

Horixe bera da J.J.U.G.-ri gertatu zaiona. Vodafoneri erreklamazioa berehala bidaltzen da EKA/ACUV-etik, maiatzaren 3an, 21,75 euroen itzulpena eskatuz eta “Hiugarrenei Ordainketak” prestazioa bertan behera uztea exijituz, Vodafonerekin kontratua egin zuenean gure bazkidea ez bait zen horretaz informatua izan. Vodafoneren erantzuna berehalakoa da, egun berean: 21,75 euroak dagoeneko itzulita daudela dio eta Velbox enpresari gertatutakoa komunikatuko diola ere bai harek beharrezkotzat joko dituen neurriak har ditzan.

Harrez geroztik, gure bazkideak ez du berriro Velbox-en berririk jaso.

EKA/ACUV-ek telefonoaren bidezko kontrataziorik ez egitea aholkatzen du (telefoniakoak, argindarrekoak, horniketakoak orokorrean…). Hobe zuzenean eta kontratua, paperean, ondo baino hobeto irakurriz, nahi edota behar ez diren zerbitzuak erruz kontratatzea ekiditeko.

Velbox-ek eta ordainezko SMS Premium Mezuak bidaltzen dituzten enpresek jokaeran duten antzekotasun handia kontuan izanda, hona hemen 2016ko otsaileko alean Consumer aldizkarian argitaratutako galdera bati erantzun argigarria:

“Premium erako SMSak ordaindu beharreko mezuak izaten dira, hainbat gairen ingurukoak (kirola, moda…), eta tarifazio zerbitzu gehigarriak eskaintzen dituzten konpainiek bidaltzen dituzte erabiltzaileen mugikorretara. Enpresa horiek bat eginda aritzen dira sarerako sarbidea eskaintzen duten operadoreekin (telefonia konpainiekin), eta azken horiek kobratzen dizkiete mezuak kontsumitzaileei. Zerbitzuak kontratatzen diren aldiro, gauzak ongi eginez gero, kontsumitzaileak aktibatu edo onartu egin behar du harpidetza hori, eta jakin egin behar du zehazki zer den: egunero mezu bat edo gehiago jasoko du (5 eta 6 ere bai batzuetan), eta bakoitza euro bat kobratuko diote, batez beste. Harpidedun gehienek jakin gabe kontratatzen dute zerbitzu hori, banneretan klik eginez edo eskatu ez diren deiei edo mezuei erantzunez (premium SMSak bidaltzen dituzten enpresek jartzen dituzte Interneten edo bidali egiten dituzte mugikorretara amu gisa eta inolakoa azalpenik eman gabe). Telefono konpainiek, gainera, ez diete inolako informaziorik ematen beren bezeroei kontratazio sistema horien inguruan, nahiz eta haiek ere onura ekonomikoak atera, ‘bazkide’ gisa jokatzen baitute negozioan, lehen aipatu ditugun enpresekin batean. Horrek, jakina, erraztu egiten du gisa horretako hutsegiteak gertatzea. Informazio falta nabarmen eta larri hori dela eta, erabiltzaileek auzitegietan salatzen dituzten ia kasu guztietan zigortu egiten dituzte telefono konpainiak eta bezeroei itzuli egin behar izaten diete premium erako SMSen truke kobratu dieten dirua”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude