EKA/ACUV-EKO BAZKIDE BATEK VISA ORO BANKINTER TXARTELA LAPURTU ZIOTEN DELITUGILEEK BERE KONTUTIK ATERATAKO DIRUA BERRESKURATU DU

Iazko urriaren 31ean, EKA/ACUV-eko E.S. bazkideak Arabako Etxabarri-Ibiñako Carrefourren erosketa egin eta Visa Oro Bankinter txartelarekin ordaindu zuen. Saltokitik ateratzean, mapa bat eskuan zeraman emakume batek Bilbora nola iritsi galdetu zion. Erantzun ondoren E.S. bere kotxean sartu eta Izarrara abiatu zen, etxera. Bidean, gasolindegi batean gelditu zen eta… txartela? Ez zeukan.

Gure bazkidea agudo itzuli zen Carrefourrera han ahatz zezakeelakoan. Baina bertan ez zegoen. Beraz, galdu zuen edo… “Bilbora joateko galdetu didan emakume horrek lapurtu dit”, pentsatu zuen. Aztoratuta, berehala, kasu hauetan egin behar den moduan, Bankinterrera deitu zuen, gertatutakoa azaldu, txartela blokeatu eta ondoren salaketa bat jarri zuen Ertzaintzan.

Bankinterreko bere kontuan 1.180 euro falta ziren. Ordainketa Zerbitzuen Legearen 23.3. artikuluaren arabera, txartelaren galera edo lapurretako kasuetan txartela blokeatu aurretik beste norbaitek egindako gastuagatik edo diru-ateratzeagatik gehienez 150 euro galduko ditu titularrak eta ezer ez blokeatu ondorengoengatik; beti ere, kontuz, titularraren iruzurrezko jokaera edo zabarkeria frogatzen ez bada. Iruzurra izan daiteke, adibidez, titularrak txartelaren galeraren edo lapurretaren itxura egin eta bankuari edo txartelaren jaulkitzaileari berak aterarako edo gastatutako diru-kopurua birjartzeko exijitzea. Zabarkeria izan daiteke PINa txartelarekin batera idatzita eramatea, diru-zorroan, hau galtzekotan txartela edozeinek erabiltzeko moduan.

E.S.-ren 1.180 euroak berriz jartzeko lehen erreklamazioari uko egin zion Bankinterrek, hain zuzen ere “PINarekin ardura-falta” argudiatuta. Gure bazkidea Vitoria-Gasteizko EKA/ACUV-eko bulegora etorri zuen orduan, eta honek kasuari buruz Ertzaintzaren txosten bat lortu zuen zeinek dirua Banco Sabadelleko kutxazain batean gizon batek atera zuela zioen (kutxazainaren kamarak grabatu zuen).

Txosten hura E.S.-k eta EKA/ACUV-ek Bankinterreko Bezeroentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu zuten bigarren erreklamazioari gehitu zitzaion; baita albiste bateko kopia bat: gure bazkidearen kasuan bezalako edo oso antzeko modus operandia erabiltzen zuen delitugile-banda bat harrapatu zuen Zamoran Polizia Nazionalak, hainbat probintziatan banku-txerteletako ebasketa eta iruzurrezko erabilera-delitu ugari egin izana leporatuta. Nola egiten zuten? Gaizkile batek kontsumitzaile bat zelatatzen du dirua ateratzean edo saltoki batean ordaintzean PINa markatzean, PINa memorizatzen du, gero berak edo adiskide batek aitzakiaren batekin geldituz txartela lapurtzen dio eta abiada bizian kutxazain batera joaten dira ahalik eta diru gehien ateratzera.

Hori da zehatz-mehatz gure bazkideari gertatu zitzaiona, eta Bankinterri irmoki ukatu zion PINarekin axolagabea izatea: ez zeraman inon idatzita; memorizatuta zuen, erosketa batean markatu zuen eta delitugile batzuek, trebetasunaz, hura eta txartela eskuratu eta bere banku-kontutik dirua atera zuten. Kasu nabaria zen. Baina, harrigarriki, Bankinterreko Bezeroentzako Arreta Zerbitzuaren erantzuna ere ezezkoa izan zen: ez zion bezeroari dirua birjarriko.

E.S.-k eta EKA/ACUV-ek Bankinterreko Bezeroaren Defendatzailearengana jo zuten orduan, eta honek, antza, kasua hobeto haztatu zuen, baiezkoa eman bait zion erreklamazioari eta entitateak gure bazkidearen kontuan 1.030 euro birjarri zituen, desagertutakoak ken gertakaria komunikatu eta txartela blokeatu baino lehen legeak begiesten duen 150ko maximoa.

Amaitzeko, albiste on bat eta gomendio pare bat txartel-erabiltzaileentzat. Albistea, 150 euroko muga hori laster 50 eurotara jaitsiko da, legez. Aholkuak, PINa inoiz eta inon ez eramatea idatzita eta hura kutxazainetan edo saltokietako makinetan markatzean eskuarekin ezkutatzea, ahalik eta hoberen, inork ikus ez dezan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude