Oporretarako mailegu bat?

arenales-piscina

CECU-EKA/ACUV-en prentsa oharra / 2017-07-11

Egunotan herritar askok udako atsedenaldian bere bizilekuan geratzea ala etxetik kanpo oporretara joateko finantza produkturen batekin zorpetzea erabaki behar dute. Erabakia korapilatu egiten da finantza entitate ezberdinek mota askotako maileguak era eroso eta azkarrean kontratatzera animatzen gaituztenean. Zer hartu behar dugu kontuan oporretaz gozatzeko zor bat hartzeak merezi duenentz erabakitzeko?

  1. Gaitasun ekonomikoa aztertu. Gastu finkoei kuota berri bat gehitzeko dugun gaitasuna neurtu behar da. Horretarako, gaurko gastuak eta hurrengo hilabeteetan izango ditugunak ondo kalkulatu behar dira eta diru-sarrerekin alderatu. Zentzudun eta errealista izan behar da eta, publizitatearen eraginari muzin egiten saiatuz, etxeko ekonomia ito dezaketen gastuak ekidin behar dira beti, ezinbestean.
  2. Finantza produktuak aldendu. Iragarkiak telebistan, Interneten, eskaintzak gure postontzian… Maileguak har ditzagun bide guztietatik zuzentzen dira gugana finantza entitateak. Jakina, mailegu guztiak ez dira berdinak eta gastu ezberdinak dakartzate. Horregatik ondo aldendu behar dira horietako bat hartzea erabaki badugu: irekitze gasturik al dute? Zer nolako korritua kobratuko dute? Ordaintzean atzeratzen bagara zigorra jarriko digute? Beharrezkoa al da kontu berri bat edo kudeaketa gastudun txartel berri bat irekitzea? Ezeztapen gasturik al dago?
  3. Zer nolako mailegua da komenigarriena? Mailegu pertsonal bat eskatzea, txartelaren kreditua erabiltzea, kreditu azkar bat sinatzea, agentziarekin bidaiaren prezioaren ordainketa atzeratzea adostea… ez dira gauza bera. Kasu bakoitzean aproposena den eta gastu eta baldintza gutxien suposatzen dituen mailegua edo bitartekoa aurkitu behar da.
  4. Beti ere idatziz. Funtsezkoa da baldintzak idatziz ematea eskatzea, den-dena kontratuan jarrita egotea eta publizitatea eta dokumentazio guztia gordetzea beharrezkoa izatekotan erreklamatu ahal izateko.
  5. Behar bezalako informazioa eskuratu. Edozein zalantzaren aurrean, bilatu informazioa, erantzuna. Arazoren bat edo abusuzkoa izan daiteken klausularen bat egotekotan, kontsumitzaile elkarteetara jo erreklamazioa egiteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude