Oporretan arazoren bat izan duzu? Erreklama ezazu!

turismo-vallereyes

Oporretatik itzuli eta bidaia konbinatuan, hegaldian, egonaldian… izandako arazoren batek zapore txarra utzi dizu? Ez zalantzarik izan: ahalik eta lasterren zure eskubideak eta litezkeen kalteordainak erreklama itzazu.

Bidaia konbinatuak. Bidaia konbinatu baten publizitate liburuxkaren edo kontratuaren edozein punturen ez betetzea bueltan eta kontratua egin zigun agentziarekin zuzenean erreklama daiteke, nahiz eta ez betetzea “paketean” zegoen beste enpresa batek egin. Agentzian erreklamazio-orria bete eta utzi eta erantzuna jasotzeko gehieneko epea hilabetekoa da. Erantzunik ez badago, ala bai baina desegokia bada, Kontsumoko Arbitrajera edo epaitegietara jo daiteke; gogoratu behar da 2.000 euro arteko eskaera judizialak doakoak direla abokatua eta prokuradorea behar ez direlako.

Hegaldiak eta bagaia. Kantzelazio, overbooking edo atzerapen kasuetan gertatutakoaren arabera eta hegaldiaren distantziaren arabera legez ezarritako kalteordain ezberdinak jasotzeko eskubidea dauka bidaiariak. Zentzu honetan, garrantzitsua da aurretik aukeretaz informatzea eta bueltan erreklamatzea, bidaiaren agiriak erantsiz. Kantzelazioak edo atzerapenak kalteak eragin badituzte (lotura bat, opor-egunak, kontratatutako ekitaldiren baten galera…) kalte horiek frogatzen dituzten agiriak bildu eta aire konpainiari kalteordaina eskatu behar zaio. Gertakari horiengatik ostatu edota mantenu gastuak egonez gero, konpainiari ere erreklamatu behar zaizkio. Fakturatutako bagaia galdu edo kalterik jasotzen badu, aire konpainia da erantzulea. Aireportuan bertan lehen erreklamazioa egitea komenigarria bada ere, idatzita utzita, bagaian kalte kasuan 7 eguneko epea dago erreklamatzeko eta 21 egun bagaia atzeratzen edo galtzen baldin bada. Atzerapena helmugara heltzean gertatzen bada, bagaia berreskuratu arte egindako oinarrizko produktuen erosketen tiketak bildu behar dira gastu horiek ere erreklamatzeko.

Ostatuak, ekitaldiak… Edozein motako ostatu batean egonaldi bat edo ibilialdiak edo bestelako opor-ekitaldiak kontratatu badira bidaia konbinatu batetik kanpo, solte, ez betetzearen kasuan lehendabizi konpainiari erreklamatu behar dio kontsumitzaileak eta erantzun onik ez badago lehen aipatu bideetara jo (Arbitrajea, epaiketa…), hutsa izan duen zerbitzua kontsumitzaileak zuzenean kontratatu badu zein agentzia edo bitartekari baten bidez egin badu.

Apartamentuen alokairua. Alokatutako apartamentu batekin arazorik izan badira, kontratua egin digunari aurkeztu behar diogu erreklamazioa: agentziari, higiezin agentziari… Hilabete batean erreklamazioak erantzun onik jasotzen ez badu, Arbitrajera edo epaitegietara jo daiteke. Apartamentuaren alokairua partikularren artean izan bada, kontsumoko araudirik kanpoko egoera da; hortaz, erreklamazioa edo eskaera epaitegietan soilik egin daiteke.

Europan. Europako edozein herritan kokatutako saltoki, ostatu edo zerbitzu batekin arazorik izan eta erreklamazioa egin nahi bada, egoera hauei irtenbidea kudeatzeko duela urte luze eratu zen Europako Kontsumitzailearen Zentrora jo daiteke: https://ec.europa.eu/spain/services/contact-points-in-spain/european-consumer-centre_es

Oporretan gerta daitezkeen arazoak anitzak eta oso ezberdinak izan daitezke. Beraz, hoberena da kontsumitzaile elkarte batera jotzea bertan aholkatze pertsonalizatua eta erreklamazioa egiteko erarik onenari buruzko orientabidea jasotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude