Etzi, ekainaren 15ean, roaminga azkenik desagertuko da Europar Batasunatik

paris-1275449_1280

Azkenik, negoziazio eta tira-biraz beteriko hamar urte luzeren ostean, Europar Batasunean ekainaren 15ean desagertzen da roominga, beste herrialdetan egonda deiak egiteagatik, SMS mezuak bidaltzeagatik eta Internetera konektatzeagatik telefonia konpainiek haien bezeroei kobratzen zizkieten gainprezioak. Telefonia konpainiek dirutza irabazi dute roamingari esker. Izan ere, atzerrian zeuden haien bezeroei kobratzen zizkieten gainprezioak askoz ere handiagoak ziren atzerriko operadorei haien sareak erabiltzeagatik bezeroen konpainiek ordaindu behar zietena baino.

Etzitik aurrera, mugikorren erabiltzaileek, kontratua dutenek zein aurreordainketa-txartelakoek, tarifa berberak ordainduko dute telefonoz hitz egiteagatik, SMSak bidaltzeagatik eta Interneten nabigatzeagatik Europar Batasuneko 28 herrietan: Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Danimarka, Erresuma Batua (Brexita erabat gauzatu arte EBean dago), Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, Kroazia, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxeburgo, Malta, Polonia, Portugal, Suedia, Txekiar Errepublika eta Zipre.

Espainiako konpainia batzuk roamingaren bukaera Europar Batasunetik kanpoko zenbait herrialdetara ere hedatzea erabaki dute: Suitza, Norvegia, Islandia, Albania, Turkia eta Ameriketako Estatu Batuak aipatu dira orain arte.

Europar Batasunetik kanpoko herrietara bidaiatzea pentsatuta duten erabiltzailei EKA/ACUV-ek aholkatzen die abiatu baino lehen herri horietan mugikorrak erabiltzeagatik kobratuko dietena kontsultatzea haien telefonia konpainiekin, eta gogorarazten die aurretik muga bat jarri dezaketela gero fakturan ezustekorik ez izateko.

Kontuz “Zentzuzko erabilpeneko politikarekin”

Roamingaren amaiera agintzen duen eta bihar indarrean sartzen den Europako arauak betebehar batzuk ezartzen dizkie erabiltzailei ere egoera berrian abusuzko erabilpena egin ez dezaten, nagusiki haien bizilekuan erabiltzeko beste herrietako operadoreen tarifa merkeagoak kontratatzea ekiditeko. Lau hilabeteko aldian konpainia batek antzematen badu bere bezero batek konpainia horren Estatuan ez beste batean mugikorra gehiago erabili badu gainprezio bat kobratu ahal izango dio: 3,2 zentimo deiako minutua, zentimo bat SMS bateko eta 7,7 euro Interneteko edo datu GB bakoitzeko.

Hori dela eta, gainprezio horiek ekiditeko, atzerrian egonaldi luzea (lana edo ikasketak direla eta, adibidez) egitea pentsatuta dutenei Europar Batasunak bertoko operadoreekin mugikorraren linea kontratatzea aholkatzen die Europar Batasunak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude