Orange Seguro Móvil-ek iragartzen duenaren eta betetzen duenaren arteko alde onartezina

OrangeSeguroMóvil

EKA/ACUV-eko G.G.P. bazkideak Orange Seguro Móvil zerbitzua zeukan kontratatuta, Aig/Plus Ultra aseguratzailearekin; urtean 56 euroren truke (hileko ordainketa/kuotatan bananduak) mugikorra galtzekotan, apurtzekotan… modelo berdineko gailu berri bat jasoko luke.

Iazko irailean mugikorra apurtu zitzaion gure bazkideari eta 13an ordezkoa eskatu zion AIG/Plus Ultra-ri, kasu honetarako kontratuan ezarritako 50 euroko frankizia ordaindu eta gero. Irailak 20an heldu zitzaion eskaeraren onarpen-mezua, zeinek ordezko mugikorra 3 egun beranduago jasoko zuela zioen. Baina… ez; hiru egun pasa, sei egun, hamabi egun… eta mugikor berria heldu ez. Itxaroteaz nekatuta eta haserre, urriaren 6an G.G.B.-k aseguruaren weborrian bere eskaeraren egoera begiratzen du eta… “entregatuta” ikusten du. Segituan deitzen dio aseguratzaileari kontratatutakoa bete dezala exijituz; behin baino gehiagotan gainera, egunak aurrera doazelako ordezko mugikorra heldu gabe.

Urriaren 17an heltzen zaio, behar baino 20 egun beranduago. Air/Plus Ultra-ren aldetik kontratu-hauste nabaria delarik, G.G.P. EKA/ACUV-era dator eta hemendik urteko prima itzulpena eta kontratuaren deuseztapena eskatzen dituen erreklamazioa bidaltzen dio aseguru-etxe horri, entrega-epea ez betetzeagatik eta bere weborrian gezurra (“entregatuta”) esateagatik. Haren lehen erantzuna ezezkoa da, hiru egunetan entrega egitearena “keinu komertziala” dela argudiatuta. Baina zer nolako aitzakia-mota da hori? Nolatan “keinu komertziala” 3 egunetakoa kontratuan jarrita badago, eta kontratuak betetzeko badira, eta gure bazkideari horixe bera esan ziotelarik asegurua telefonoz kontratatu zuenean…? Hori eta horrela aurpegiratzen dio EKA/ACUV-ek Aig/Plus Ultra-ri erantzuera onartezin horri erantzun sendoan. Eta, hara! Orangeren weborrian, aseguru-mota honi buruz, honako hau dago idatzita (testu honen ondoan dagoen irudian ikus daiteke): “Zure mugikorra bezalako bat bidaltzen dizugu adieraziko digun helbidera lan-egun bateko epean”. Aseguratzaileak amore eman behar izan zuen eta gure bazkideari 56 euroak itzuli zizkion eta kontratua deuseztatu egin zuen. Frankiziako 50 euroak ez ziren galdagarriak ordezko mugikorra, nahiz aipatu atzerapenaz, eman-hartua izan zelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude