EKA/ACUV-EN ESKU-HARTZEAK GAIZKI ZEBILEN ETA GAINERA “ERRUSIERAZ ZEGOEN” MUGIKOR BATEN ITZULPENA LORTU DU

EKA/ACUV-eko bazkide batek Samsung Galaxy J3 mugikor bat erosi zuen oraintsu Donostiako denda batetan. Etxera helduta eta abian jartzean “errusieraz dagoela” aurkitu du, harrituta; mugikorraren testuak errusieraz idatzita daude, eta argibide-liburuxkaren testuak ere bai, gazteleraz dagoen atal txiki bat izan ezik. Horrez gain, mugikorrak ez du ondo funtzionatzen. Lehenago, plastikoak kentzean, mugikorrari marra bat egin zion atzealdean, nahi gabe.

Dendara abiatu da orduan mugikorra alda diezaioten. Baina ezetz erantzun diote, izatekotan bertan utz dezakeela aztertzeko eta bermeak zer estaltzen dion balora dezaten, eta ohartarazi diote mugikorrak atzekaldean marra bat edukitzeak erabilpen okerraren seinalea izan daitekeela, nahiz eta marra horrek mugikorraren funtzionamendu okerrarekin eta errusieraz egotearekin inolako zerikusirik ez izan.

Gailuak dagoeneko informazio pertsonala duenez, gure bazkideak ez du dendan utzi lehen bisita horretan. Behin datuak kenduta, dendara itzuli da eta berraztertzeko bertan uzteko esan diote, baina hartu-jaso izanaren agiririk ez diotela emango ere bai. Berriro dendatik irten da gure bazkidea mugikorra bertan utzi gabe eta EKA/ACUV-era deitu du.

Elkarte hau dendarekin harremanetan jarri da eta erreklamazio bat aurkeztu dio hauxe nabarmenduz: ez da gauza normala, ez da onargarria mugikorra hasieratik gaizki ibiltzea, eta gailua aztertua izateko dendan uztekotan bere jabeak gordailu horren agiri bat jasotzeko eskubidea dauka. Eta ohartarazpen bat: egun batzutako epean erantzuten ez badu Kontsumoko Arbitraje bat eskatuko da beraren aurka.

Kasu honen ardura hartu duen EKA/ACUV-eko abokatuaren eta dendako arduradunen arteko hainbat eztabaida telefonikoren ondoren (zeinetan dendakoek mugikorraren arazoa bustitzetik edo bestelako erabilpen desegokitik etor daitekeela dioten), saltokiak kontratua bertan behera uztea onartzen du: mugikor akastuna berreskuratu eta gure bazkideari dirua itzuli.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude