Trenean eta autobusean bidaiei buruzko oinarrizko informazioa eta aholkuak erabiltzaileentzat

bus-tren

SARRERA

Lurreko garraioa bidaiatzeko modurik erabilienen artean aurkitzen da, nahiz eta kostu baxuko aire-konpainien eskaintzak gero eta gehiago diren. Bizitza-kalitate altuagoari eta mugikortasun aukera handiagoari esker, lurreko garraioaren erabilera handitu egin da azken urteotan. Lurreko garraiobideak dira autobusa, trena, taxia, metroa eta tranbia. Garrantzitsua da garraiobide mota hauen erabiltzaileek euren eskubideak eta betebeharrak ezagutu ditzaten. Gai honen inguruan daukagun eskubide garrantzitsuenetariko bat garraio publikoaren asegurua da. Bidaiari guztiak Bidaiarien Derrigorrezko Aseguruaren (BDA) bitartez babestuta daude. Aseguru honen helburua garraio kolektibo batean jasandako kalte fisikoengatik bidaiariari ordaintzea da. Lurreko garraioetan aseguruan sartzen ditu BADek autobus, tren, metroa eta tranbian jasandako kalteak. Ondoren autobusean eta trenean bidaiariek dituzten eskubide eta betebeharrak xehatzen dira.

Kontsumobidek argitaratutako informazioa.

AUTOBUSA

Bidaia-txartela. Enpresak erabiltzaileari bidaia-txartela eman behar dio eta honek ibilbidearen amaiera arte gorde beharko du. Jesarlekurik hartzen ez dituzten 4 urte baino gutxiagoko umeek ez dute bidaia-txartelik eraman behar. Txartelean ondorengo datuak agertu beharko dira: bidaiaren jatorria eta helmuga, txartelaren igorpenaren data, prezioa BEZ barne eta zerbitzuaren egikaritze data. Aldirietako bidaia-txarteletan nahikoa da ‘Indarreko tarifen arabera’ bezalako esaldia agertzea.

Ekipajea. Autobuseko maletategiko eta eskuko bagajea barne, bidaiariak 30 kiloraino dohainik eraman dezake. Aire-garraioan gertatzen den ez bezala, ekipaje hau ez da erregistratzen eta, beraz, ez dago fakturatze beharrik. Ekipajea kaltetzen edo galtzen bada, enpresak bidaiariari ordaindu beharko dio aldez aurretik finkaturiko diru kopuru batekin ekipajearen kilo bakoitzetik (gehienez 14,50 € kilogramo bakoitzeko). Animaliarik eraman nahi baldin bada autobus konpainia bakoitzaren baldintzak kontsultatzea komeni da.

Atzerapenak eta ezeztapenak. Autobus konpainiak bidaia ezarritako epe-mugan betetzeko betebeharra dauka. Horrela ez bada, halabeharrezko kasuetan izan ezik, kontratu-hauste bat bezala hartuko da. Zerbitzuaren atzerapen edo ezeztapenaren aurrean, bidaiariak kalte-ordainak eskatzeko eskubidea dauka. Atzerapena halabeharrezkoa denean garraio-enpresak soilik bidaia-txartelaren diru kopurua itzultzera behartuta dago. Zerbitzuaren atzerapena edo ezeztapena, berriz, beste arrazoi ezberdinengatik gertatzen denean kalte-ordainak eskatu daitezke. Alabaina, erabiltzaileak kaltea eta horren ondorio ekonomikoak frogatu beharko ditu.

Eskola-garraioa. Eskola-autobusak edo adingabekoen garraioa egiten duten enpresek dagokien kontzesioa edo baimena izan beharko dute. Haurrak, txoferraz gain, heldu batekin bidaiatuko dira eta ume bakoitza plaza batean jesarriko da.

TRENA

Bidaia-txartela. Ondorengo informazioa agertu behar da: Garraioa egiten duen trenbide-enpresaren izena; bidaiaren jatorria eta helmuga eta beraien irteera zein helduera orduak; bagoia eta jesarlekuaren zenbakia; garraioaren prezioa, tasak barne; aseguruei buruzko informazioa. Aldirietako zerbitzuetan adierazitako informazioa enpresaren izena eta garraioaren preziora mugatu daiteke.

Ekipajea. Enpresaren erantzukizuna 14,50 € kilogramokoa izango da, 600 euroko mugara arte (kopuru hau urtero aldatzen da KPIren arabera).

Atzerapenak eta ezeztapenak. Atzerapen eta ezeztapenengatiko kalte ordainak ezberdinak dira igarotako denboraren arabera. Atzerapena ordu bat baino gehiagokoa baldin bada, bidaiariak ordaindutakoaren %50 jasotzeko eskubidea dauka. Atzerapena ordu bat eta erdi baino gehiagokoa bada, bidaiariak ordaindutako kopuru osoa erreklamatzeko eskubidea dauka. Gainera, atzerapenaren erruz beste tren batekiko lotura edo konbinazioa galtzen denean, enpresak ordaindutakoa itzultzera derrigortuta dago. Ostatua edo mantenua behar denean, trenarekin lotura egiteko aukera gauzatzen den arte, garraio-enpresak gastuak ordaintzen ditu. Ibilbidean zehar etenaldia gertatzen denean, bidaiariari beste tren batean edo antzeko ezaugarriak dituen garraiobide batean lekua emango zaio bidaiariari ahalik eta lasterren. Bidaiaren hasieraren aurreko 4 orduetan zehar zerbitzuaren ezeztapenaz bidaiariari abisatzen zaionean, honek ordaindutakoaren bikoitza jasotzeko eskubidea izango du. Ezeztapena bidaiaren hasieraren aurreko 48 orduetan zehar gertatzen denean bidaiariek bi aukera dauzkate: bidaia egiteko beste tren bat edo antzeko ezaugarriak dituen garraiobideren bat aukeratu edo zerbitzuagatik ordaindutako diru kopurua berreskuratu.

ARAUDIA

16/1987 LEGEA, uztailaren 30ekoa, Lehorreko Garraioen Antolamenduari buruzkoa. [es]

LOTURAK

Bidaiarien eskubideei buruzko Europako Gida [es]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude