Koldo Nabaskues EKA/Ocuv-eko presidentearen artikulua.

Merkataritza-sektoreak aldaketa sakonak izan ditu azken hamarkadetan. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, banaketa-jarduerak oso banatuta zeuden: merkatari txiki independenteak edota enpresa batzuei atxikitakoak (IFA, Spar, Vegé) aritzen ziren horretan gehienbat, herri-mailako zenbait talderekin batera. Horrezaz gain, betiko merkatuak (Bretxakoa, Bilboko Erriberakoa, Santo Domingokoa, Plazakoa…) eta kontsumitzaile-kooperatiba txikiak (Bide Onera) zeuden. Euskal Herri osoan banatutako kooperatiba horiek gerora Eroski izango zenaren ernamuina izan ziren. Sare trinko horrek herritarren behar guztiei erantzuten zien, kalitatea, gertutasuna, harreman pertsonala eta lehia eskainiz. Horrek prezioen nolabaiteko oreka ziurtatzen zuen. Jendea ia egunero joaten zen erostera, etxetik gertuko dendetara.

Bestelako saltokiak hedatzen eta garatzen hasi ziren, ordea: elikagaiak soltean eta ontziratu gabe betiko salmahai edo mostradorean saltzetik autozerbitzura pasa ginen, aurrena, eta supermerkatuetara, hurrena; hotz-kateak iritsi eta zabaldu ziren gero, hornidura eta banaketa (logistika) goitik behera aldaraziz. Hala, kateak eta gehienbat Frantziako Estatutik ekarritako ereduak hedatu ziren orduan: garraio eta banaketa gastuak murrizteko, eta beste batzuen esku zeuden merkataritza-espazioak eskuratzeko, dendak eta kate txikiak erosten hasi ziren kate horiek, saltokien jaun eta jabe bihurtzeko asmoz. Metro koadroaren konkista hasi zen orduan.

Kontuan hartu behar dugu produktu ontziratuek oso marjin txikia uzten dutela sektore honetan, eta, hortaz, sektoreko irabazi gehienak finantza-fluxuei zor zaizkie. Sektore honetan, ordainketak hornitzaileekin epe ertain edo luzerako negoziatuz egiten dira, eta kontsumitzaileok, aldiz, erosi ahala ordaindu beharra daukagu. Hortaz, apaletako produktuen batez besteko errotazioa izugarria da: urtarrilean jasotako salgaiak ordaintzeko garaia iristen denerako, otsaileko eta martxoko guztiak txikizka salduta eta kobratuta dauzka kateak, eta hiru hilabeteko cash-a pilatzen du, horrela, hornitzaileari ordaindu aurretik. Supermerkatu edo hipermerkatu batek denbora horretan saldutako guztiaren dirua hornitzaileei ordaindu aurretik bere esku gordetzearen parekoa da hori.

1970eko hamarkadatik aurrera, banaketa-enpresa handiak saltokietako metro koadroa eskuratzeko borrokan murgildu ziren. Garai hartan, kate handiak ez zeuden oso hedatuta gure herri eta hirietan, eta hedatzen hastean kanpoko ereduak ezarri zituzten. Joera horren adibide adierazgarri batzuk aipatuko ditugu orain: Oiartzungo Mamut, mugatik gertu (1977); Eroski hipermerkatua, Gasteiz kanpoaldean (1985); Sabeco supermerkatuen (Auchan taldekoak) hedapena. Saltoki handiak hedatu ahala, herrietako saltoki txikiak itxiz joan ziren, kate handiek erosita.

Aldaketa hori ez da elikagaien alorrean gertatu soilik, beste sektore askotara ere (arropa, burdindegiak, etxetresna elektrikoak, elektronika, altzariak eta kirolak) iritsi baita. Sektore horietako denda asko itxi dituzte eta beste eredu bateko dendak ireki dituzte haien ordez: denda-kate handiak (Zara, Mango, Leroy Merlin, Aki, Saturn, Ikea, If, Decathlon, Forum Sport) eta halakoen frankiziak. Eskaintza asko murriztu da horren ondorioz, eta enpresa-metaketa gertatu da sektore osoan.

Carrefour talde frantsesa hartuko dugu adibidetzat. 1973an ireki zuen bere lehen hipermerkatua Katalunian, eta 2006an, berriz, 154 hipermerkatu zituen Espainiako Estatuan (7, Euskal Herrian), 82 supermerkatu (5, Euskal Herrian), Feuvert markako 73 mekanika-taller, 73 gasolindegi, 74 bidaia-agentzia, 8 etxeagentzia, aseguru eta finantzen alorreko 135 filial. Horrez gain, telefonian ere murgildu da eta supermerkatu gehiago ditu beste izen batzuekin (DIA izenekoak, adibidez). Guztira 2.100 lanpostu ditu Euskal Herrian.

Aipatu dugunaz bestelako supermerkatu eredu bat aipatuko dugu orain: Uvesco SA. Irunen du egoitza, eta Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroa Garaian eta Kantabrian dauzka dendak. Denera 150 supermerkatu ditu, 1.700 langile eta 380 milioi euro salmentetan. Super BM eta Netto izenak erabiltzen ditu.

Azken boladan, beste era bateko dendak zabaltzen ari dira: Lidl alemaniarraren tankerako supermerkatu merkeak, urteko egun guztietan zabalik egoten diren asiarren bazarrak, menu bakarreko turkiar jatetxeak eta garaiz kanpoko arropen saltokiak (outlet direlakoak).

Merkataritza-gune handiak jendearen bilgune nagusiak bihurtu dira gaur egun, Erdi Aroko plazen antzera. Erdi Aroan, plazan elkartzen ziren herritarrak salerosketak egiteko, harreman sozialetarako, erlijio-ospakizunetarako… Gaur egun, berriz, saltoki handietara joaten gara, askorik pentsatu gabe, eta gure printzipioak (ingurumenekoak nahiz arrazionalak) alde batera utzita. Leku horietan eskaintza pilatu eta uniformizatu egiten da, berdin-berdinak direlako horrelako saltoki guztiak, marka eta denda berdinak daude guztietan, ordutegi zabalak dituzte eta urteko egun guztietan zabalik egotearekin tematuta egoten dira. Ezin dugu ahaztu, ordea, zein den saltoki handi hauen sustatzaileen negozio nagusia: higiezinena, hain zuzen ere. Izan ere, zenbat eta egun gehiagotan zabalik egon, orduan eta handiagoak errentak. Gure gertuko denden heriotza eragiten ari da saltoki handien arrakasta.

EAEko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Merkataritza Jarduerari buruzko Legea aldatzeko proiektua bertan behera uzteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, kaleratu duen azken gomendioan. Gomendio hori aho batez onartu zuten EGK-ko kide guztiek, eta saltoki txikien erakunde, sindikatu eta kontsumitzaile asko eta askoren babesa jaso du. Alde guztiei kontsultatzeko eta egiten diren alegazioak kontuan hartzeko eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzari gomendio horretan. Gure ustez, alde guztiei galdetzeaz gain, parte-hartze demokratikorako aukerak zabaldu behar dira, eta denen artean eztabaidatu eta erabaki behar ditugu gai hauek, bai egiturak zehazteari dagokionez, bai hirigintza planifikatzeari dagokionez. Hala, ingurumena gutxien kaltetzen duten ereduak aukeratu behar dira, murriztu egin behar dugu autoaren erabilera eta aintzakotzat hartu behar ditugu irisgarritasuna eta kostuen esternalizazioa.

EKA-k (EAEko Kontsumitzaileen Elkartea) EAEko herritarren kontsumo-ohiturei buruz egindako inkesta/azterketa batean, jaiegunetan dendak irekitzea nahi duten galdetu zitzaien herritarrei. Berriki eguneratutako inkesta horren bidez, enpresasektore jakin batzuek herrien kanpoaldeko saltokiak eguneroegunero irekitzeko darabilten oldarraldi interesatuari erantzun nahi izan zaio, horrek herri eta hirietako saltoki txikiak zokoratu eta, azkenerako, desagerrarazi egingo lituzkeelako.

Azterketa honek emaitza garbia utzi digu, jaiegunetan irekitzeko inolako beharrik ez dagoela erantzun baitute herritar gehien-gehienek. Kontsumitzaileen %94ren iritziz, oraingo ordutegia aski da beren kontsumo-beharrei erantzuteko. Saltoki handietan erostera joateko arrazoi nagusia saltoki horietako entretenimendu- eskaintza dela erantzun dute %55ek. Erabaki arriskutsua da kontsumoa eta aisialdia nahastea, are gehiago eskaintza handiena haur eta gazteei zuzentzen zaiela ikusita. Erakarmen-gune horiek gero eta indar handiagoa hartzen ari dira, hirietako zinemak itxi ahala, eta horrekin arrakala handia sortzen ari da ibilgailu propiorik ez dutenen (zaharrak gehienbat) eta badutenen artean.

Saltokiak jaiegunetan irekitzeak gure ohiturak aldarazteaz gain, zapuztu egingo luke 40 orduko lanaldia lortzeko eta jaiegunak errespetatzeko langileek urte luzeetan egindako borroka. Bat-bateko eta pentsatu gabeko kontsumoa areagotzea beste ondoriorik ez luke ekarriko, eta, horren ondorioz, familien zorrak handitu eta aurrezpena gutxituko litzateke. Merkataritza-guneak urtean 3.750 ordu egoten dira irekita. Langileon lanaldia 1.750-1.800 ordu ingurukoa da, hitzarmenaren arabera. Hortaz, nahi adina denbora daukagu gure erosketak egiteko eta gure asialdiaz gozatzeko. Argi eta garbi dago ordutegi-astakatasuna eskatzen dutenen atzean ezkutatzen den asmoa: merkataritzako diru-sarrerak saltoki txikien eskuetatik saltoki handien eskuetara pasaraztea. Espainiako Estatuan 1.800-2.000 milioi euro inguruan kalkulatu da denda txikietatik handietarako transferentzia hori.

Hasiera batean, dendak jaiegunetan iretzea kontsumitzaileentzat ona izango litzatekeela pentsa genezake, horrela, nahi dugunean, prezio onenean eta eskaintza zabal-zabalarekin erosteko aukera izango genukeelako. Gauzak oso bestelakoak dira, ordea. Hona hemen adibide argi batzuk: Madrilen, jaiegunetan irekitzeko ia erabateko askatasuna dute eta, hasieran pentsatu zenaren kontra, lanpostuak galdu dira, prezioak merkatu gabe. Frantziako Estatuan, aspaldidanik ezagutzen dute eredu hau eta liberalizazio handia daukate. Halere, kostuak nabarmen handitu dira, eta, horrek txarrerako ondorioa izan du prezioetan.

Saltoki handietako linealen eskaintza murriztu egin da, lehia desagertu egin da ia (produktu batetik dagoen marka kopurua) eta marka zuriak eta marka-izenak ugaritu dira. Gero eta talde gutxiago dabiltza sektore honetan (Carrefour, Alcampo, Eroski, El Corte Inglés, Zara). Oligopolioa dakar horrek, eta kontsumitzaileen erabakitzeko aukerak murriztea: gero eta uniformeagoak dira gure ohiturak eta galtzen ari gara gure betiko ohiturak.

Azken batean, sortu diren kontsumo-ohitura, bizimodu eta gizarte-harremanen eredu berriak, gure espazio aldatuak eta giza harremanen desnaturalizazioa dira gako nagusiak hemen. Gizartea saltoki handi bat bihurtzen ari da, eta herritarrok kontsumitzaile hutsak gara orain, hots, soil-soilik salgaiekin dugun harremanaren arabera definitutako izakiak. Gure bidea aukeratu behar dugu: gure bizitza saltoki handien inguruan egituratu nahi dugun, ondo pasatzeko edo dibertitzeko aukera bakarra kontsumitzea izanik; ala herri eta hiri gardenak izatea nahi dugun, merkataritza gure bizitza sozialeko beste tresna bat gehiago izanik.