Bezero batek egin ez zuen SMS mezu bidalketa masibo batengatik kobratutako 1.245 euroak itzuli ditu Euskaltelek

euskaltel-sms

J.G.P. Euskalteleko bezeroa harrituta geratu zen ekainako, uztailako eta abuztuko kontsumoetan Ingalaterrako telefono batera bere mugikorretik bidalitako SMS sorta izugarriagatik konpainiak 1.245 euro kobratu zizkiola ohartu zenean. Berak ez zuen SMS horietatik bat ere bidali eta berehala joan zen EKA/ACUV-eko abokatuek zaintzen duten Enkarterriko Udal Mankomunitateko Kontsumitzailearen Informaziorako Bulegora.

KIUB-ak fakturak aztertu eta ordu berean (zehatz-mehatz) igorritako mezu batzuk ere badaudela ikusten du. Agerikoa da J.G.P.-k ezin izan duela hori egin, berak ez duela SMS bidalketa masibo hori egin. Eta irailaren 6an, J.G.P.-ren izenean, erreklamazioa bidaltzen dio KIUB-ak Euskalteli, 899/2009 Errege Dekretuaren arabera operadoreek neurriz kanpoko kontsumorik egon ez dadin erne egon behar dutela gogoratuz (kasu honetan gertatu ez dena, antza) eta lehen aipatu diru kopuruaren itzulpena eskatuz.

Euskalteleko Bezeroarentzako Arreta Zerbitzuaren erantzuna irailaren 29an heltzen da. Dio bere sistemak aztertu dituela, horiek SMS mezuen bidalketa masiboa baieztatzen dutela, konpainiak ez duela gertaera horretan inolako ardurarik eta bere produktuei ematen zaien erabilpenaren arabera kobratzen duela fakturetan. Erreklamatzailearentzat ezezko erantzuna izango dela dirudi. Baina ez; harrigarriki, amaieran gogobetegarria da.

Bere erregistroak eta bere fakturazioak zuzenak izan direla errepikatu arren, azpimarratu ondoren, Euskaltelen erantzunak urriaren 14tik aurrera bezeroaren kontuan diru-sarrera baten bidez erreklamatutako 1.245 euroak itzuliko dizkiola esanaz amaitzen du. Zerbait gaizki eduki dezakelakoan bere mugikorra aztertzea ere gomendatzen dio Euskatelek J.G.P.-ri. SMS mezuen bidalketa masiboaren erruduna izan den birus edo antzekoren bati buruz ari dela dirudi.

www.lastminute.com protagonista zuen irailaren 12an argitaratu genuen #ArrakastaKasuan bezala, arraroa da, bitxia, harriagarria ere konpainia batek bere jokaera eta bere fakturazioa zuzenak izan direla baieztatzea eta, hala ere, diruaren itzulpena onartzea eta gauzatzea erreklamatzailearen lehen saiakeran eta inolako eragozpenik jarri gabe. Altruismo ote?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude