Gure bazkide batek Bilbo-Londres hiru hegazkin-txartel kantzelatuta www.lastminute.com-ek bidegabe bereganatutako “kudeaketa gastuak” itzultzea lortu du EKA/ACUV-ek

lastminutebilbaolondres

Joan zen ekainaren 3an EKA/ACUV-eko I.L.F. bazkideak Bilbo-Londres hiru hegazkin-txartel erosi zituen www.lastminute.com weborrian, Cobertura de Protección Total izeneko aseguru bat ere kontratatuz (14 eguneko epean deseuzta daitekeena). Guztira: 499,70 euro. Erreserba prozesua amaitutakoan, gure bazkidea oker bat izan duela ohartzen da eta segituan erreserba kantzelatu egiten du. Ordubete beranduago Lastminute.com-en mezu bat heltzen zaio kantzelazioa baieztatuz eta 404,94 euro itzuliko dizkiola esanaz.

94,76 euro falta dira. EKA/ACUV-ek lagunduta, I.L.F.-k Lastminute.com-i zergatia galdetzen dio eta agentziak kobratutako kontzeptu guztiak eta 94,76 euro horien zertarakoa zehaztuko dituen faktura bat eskatzeko erreklamazio bat bidali behar duela erantzuten dio.

Faktura hori uztailaren 4an heltzen zaio erreklamatzaileari, baina ez da zuzena. Dio 404,06 euro hegaldien kostua direla eta 87,64 euro “administrazio eta agentzia zerbitzu gastuak” direla. Kontzeptu bien artean, ordaindutako dena: 499,70 euro. Baina aseguruaren kostua 43,71 euro izan ziren eta itzultzeko faltan dauden 94,76 eurotatik, beraz, agentziak aipatutako bestelako gastu horiek 51,05 euro izan beharko dira. Ez da zuzena.

I.L.F.-ri laguntzan dagoen EKA/ACUV-eko abokatuak aseguruaren diruaren itzulpena eskatzen dio orduan Lasminute.com-i eta “gestio gastu” horiengatik kobratu dituen 51,05 euroen itzulpena ere bai, kontsumitzaileen babesean, merkataritza elektronikoan eta airezko garraioan indarrean dauden lege batzuen arabera “kudeaketa gastuak” abusuzkoak eta legez kontrakoak direla argudiatuz.

Lasminute.com-ek “administrazio eta agentzia zerbitzuen gastuak” kontratuan hartuta daudela baina “inguruabarrak direla eta” ez kobratzea erabaki duela erantzuten du eta I.L.F.-k ordaindu zuen guztia, 499,70 euroak, itzuli egiten du. Zein inguruabarrak baina? “Kudeaketa gastu” horiek kontratuan baldin badaude eta Lastminute.com-en arabera legezkoak baldin badira, zergatik orduan kobratzeari uko egiten dio eta itzuli? Kontsumitzaile elkarte batek egia dion eta serioa den erreklamazio bat bidali diolako?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude