EDP Naturgasek hamar urtez kobratutako zerbitzu baten kostua itzuli du bezeroak erreklamatu ondoren kontratazioa frogatu ezinean

abanto-edp

Urtarrilaren 27an Abanto-Zierbenako L.N.M. biztanleak EKA/ACUV-eko abokatu batek daraman bertoko KIUB-ean “Fórmula ahorro” izeneko kontratuarekin gas horniketa ematen dion EDP Naturgasen aurkako erreklamazio bat aurkeztu zuen ziur zegoen kontratatu ez zuen mantentze-zerbitzu bat kobratzen ari ziolako konpainia horrek.

L.N.M.-k eskatzen zizkion EDP Naturgasi “Funciona directo” mantentze-zerbitzuaren ustezko kontratazio telefonikoaren grabaketa, ustezko kontratu idatziaren kopia sinatua eta, kontratu hura egin ez zuela konbentzituta zegoenez, urte luzetan zerbitzu hori “emateagatik” EDP Naturgasek kobratu zizkion 698,82 euroen itzulpena ere bai. Abanto-Zierbenako KIUB-ak erreklamazioa bidali zion konpainiari hauxe nabarmenduz: “Kontraturik ez badago, mantentze-zerbitzuaren baja egin ezazu berehala eta kobratutakoa itzul ezazu”.

EDP Naturgasen erantzuna martxoaren 1ean jaso zen KIUB-ean. Konpainiak zioen 2006ko irailaren 11an hasitako gas horniketa kontratuarekin lotuta 2006ko azaroaren 23 eta 2017ko urtarrilaren 16 bitartean, “noiz bezeroak telefonoz baja eskatu zuen”, mantentze-zerbitzua kontratatuta eta martxan egon zela. Hau da, EDP Naturgasek L.N.M.-k “Funciona directo” zerbitzua kontratatu eta eduki izan zuela “ziurtatzen du”; baina aldi berean, eta erantzun gutun berean, “kontratatze” horren aldi biek sinatutako inolako frogagiririk ez daukala ere onartzen du. Eta bere bezeroak mantentze-zerbitzua kontratatu zuela frogatu ezinean zerbitzu horrengatik kobratu zizkion 698,82 euroak itzuli egin zizkion segituan.

Nolatan da posible bezero batekin zerbitzu bat kontratatu duela ziurtatzen duen enpresa batek kontratatze horren frogagiririk ez edukitzea eta, gainera, zerbitzu hori kobratzea? Nolatan da posible zerbitzu bat kontratatu ez duela ziurtatzen duen kontsumitzaile bat zerbitzu hori ordaintzen egotea, hilean behin, bi hilean behin, salatu eta ordaintzen egon den diruaren itzulpna eskatu gabe… hamar urte pasa arte?

Ulergaitz gauza biak. Hala ere, ikusten dugunez, honelakoak gertatzen dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude