“BEZik gabeko eguna”, “BEZik gabeko astea”, “Ez ordaindu BEZa asteburu honetan”… Kontsumitzailei engainua eta zerga-iruzurrerako kinada estalia

SIN IVA

Produktuak BEZik gabe saltzen direla gezurra da, legez kanpokoa delako eta hori egiten duenari isun galanta ipini ahal zaiolako ogasun publikoari iruzur egiteagatik. Produktu eta zerbitzu guztiak kontsumitzaileak ordaintzen duen eta gero saltzaileak edo zerbitzua ematen duenak Haziendan sartu behar duen BEZ-tasa batekin zergapetuta daude.

“BEZik gabeko” kanpainak iragarri eta gauzatzen dituzten saltokiek egiten dutena da produktuaren prezioa merkatzea BEZa kendu izan bailitzaio bezala; baina produktu horrek, nahitaez, bere prezioa edozein izanda ere, dagokion BEZ-tasa dauka, produktu eta zerbitzu gehienetan %21ekoa dena. Beraz, kanpaina horiek gezurra esaten dute, edo behintzat publizitate bidegabe edo engainagarria egiten dute; eta zergarik ez ordaintzea posible eta positiboa dela dion mezu subliminal bat bidaltzen diete herritarrei hala aurrezki bat lortzen delakoan.

2015an Euskadiko Iruzur Fiskalaren Kontrako Borrokarako Batzordeak (Eusko Legebiltzarrak proposatutako erakundea, non Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko hiru Aldundiek parte hartzen duten) kanpaina horiek gogorki gaitzetsi zituen “BEZik gabeko sustapen-kanpainei buruzko zenbait gogoeta” izenburuko testu batean. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak argitaratuta dauka bere weborrian. Besteak beste, hauxe dio oharrak: Jokabide horiek eragin negatibo bikoitza dute. Batetik, zergadunei tributu-betebeharrak betetzeko asmoa ken diezaiekete, ulertarazten baitie BEZa ordaintzea saltzailearen borondatearen mende dagoela; eta horrek, beste sektore ekonomiko batzuetara zabaldu eta eramanez gero, iruzur fiskaleko poltsak orokortzen lagun lezake. Eta bestetik, ohartarazi dugun moduan, publizitate ez-zilegia edo engainagarria ere izan liteke, salmentak BEZik gabe egingo direla ulertarazita –argi eta garbi gezurrezkoa–, hartzaileak okerrera eraman baititzake eta haren izaera engainagarriak kontsumitzaileen eta profesionalen jokabide ekonomikoan eragina izan baitezake.

Euskadiko Iruzur Fiskalaren Kontrako Borrokarako Batzordeak argitaratutako artikulu horrek oso argi ere salatzen du kanpaina horiek zerga-iruzurrari aurre egiteko instituzioen ahaleginen bidearen aurka doazela. Horrelakoak desaktibatu eta deuseztatu beharra dago gure iritziz”.

http://www.kontsumobide.euskadi.eus/berriak-home-eduki/-/albistea/2015/-bezik-gabe-ko-sustapen-kanpainei-buruzko-zenbait-gogoeta/

‘BEZik gabe’ko sustapen-kanpainei buruzko zenbait gogoeta

(Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordeak igorritako testua)

Kontsumitzaileek ondasunen bat eskuratzen edo zerbitzu baten prestazioa jasotzen dugunean Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) barne hartzen duen zenbatekoa ordaindu behar diogu alderdi saltzaileari edo aipatutako zerbitzua ematen duenari. Ondoren, alderdi hori da –saltzailea edo zerbitzuak ematen dituena–, oro har, Ogasunean bezeroei jasanarazi beharreko BEZari dagozkion kuotak ordaindu behar dituena, ez, ordea, azken kontsumitzailea.

Euskal sektore publikoa finantzatzeko iturri nagusietako bat da aipatutako zerga, eta ondorioz, funtsezko baliabidea Euskadiko erakundeek (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak) ondasun eta zerbitzu publikoak horni ditzaten.

Horiek horrela, Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordean –Eusko Legebiltzarrak eskatuta sortu zen, hiru lurralde historikoek eta Eusko Jaurlaritzak osatuta dago eta Iruzurraren kontrako Borrokarako Baterako Plana egiteko agindua du–, kezkaz ikusten ditugu azalera handiko saltokien artean bereziki indartzen ari diren merkataritza-estrategia mota batzuk, BEZaren ordainketari buruzko pertzepzio desitxuratua laguntzen dutelakoan. ‘BEZik gabeko eguna’, ‘BEZa aurrez ezazu’, ‘BEZa kentzen dizugu’, ‘BEZik gabeko astea’ eta abarren tankerako leloak dituzten publizitate-kanpainez ari gara.

Ogasunaren arloan, beste helburu batzuekin batera, erakunde publikoek sustatu behar dute herritarrek zerga-betebeharrak bete ditzaten, horretarako zergak ordaintzearen garrantziaz kontzientzia hartzeko neurriak bultzatuz, iruzurrezko jokabideak saihestuta. Eta aipatutakoen moduko publizitate-praktikak ez dira egiaz horretarako adibide ona.

Euskal Autonomia Erkidegoko Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Baterako Planak, 2015erako egin dugunak, zergadunen iruzurrezko jokabideak, egin aurretik, saihesteko prebentzioko jarduerak bereziki nabarmentzen ditu eta, esparru horretan, herritarren zerga-kontzientzia komunikazio-programen bidez indartzea finkatu dugu ekintza-lerro modura. BEZik gabeko sustapen-kanpainak, zalantzarik gabe, aurkako norabidean doaz eta, horregatik, horrelakoak desaktibatu eta deuseztatu beharra dago gure iritziz.

Argi gelditu behar da, ezbairik gabe, BEZa kontsumoa kargatzen duen zerga dela, eta ondorioz, kontsumitzaileek era horretako publizitate-kanpainak dituzten saltokietan egindako erosketa guztiak BEZari lotuta daudela, aipatutako kanpainek esaten dutena esaten dutela.

Sustapen-eskaintzek, hala badagokie, deskontu bat izango dute produktuaren salneurrian, baina ez da inola ere onargarria izango dena delako erosketa hori BEZa ordaintzeko betebeharretik salbuestea saltzaileak produktuak merkeago eskaintzea erabakitzeagatik. Horrenbestez, herritarren kontzientziatzeari dagokionez aipatu dugun eragin kaltegarriaz gain, agerikoa da kanpainen esloganak ez direla egiazkoak, horrelakoak bultzatzen dituzten enpresek ez baitute inola ere saihesten ordaindu behar duten BEZa bezeroei jasanaraztea.

Azken batean, jokabide horiek eragin negatibo bikoitza dute. Batetik, zergadunei tributu-betebeharrak betetzeko asmoa ken diezaiekete, ulertarazten baitie BEZa ordaintzea saltzailearen borondatearen mende dagoela; eta horrek, beste sektore ekonomiko batzuetara zabaldu eta eramanez gero, iruzur fiskaleko poltsak orokortzen lagun lezake. Eta bestetik, ohartarazi dugun moduan, publizitate ez-zilegia edo engainagarria ere izan liteke, salmentak BEZik gabe egingo direla ulertarazita –argi eta garbi gezurrezkoa–, hartzaileak okerrera eraman baititzake eta haren izaera engainagarriak kontsumitzaileen eta profesionalen jokabide ekonomikoan eragina izan baitezake.

Tributu-sistemen funtsezko printzipioetako bat ekitate-printzipioa da. Ekitateak, tributuen arloan, berdinak direnek tributuak berdin ordaintzea –ekitate horizontala– eta ezberdinak direnek ezberdin ordaintzea –ekitate bertikala– dakar. Hala bada, insolidaritate sozialaren eta ekitate-printzipioaren urraketaren adierazpen nagusietako bat da iruzur fiskala. Kontribuzio-ahalmen bera duten bi zergadunetatik, batak tributu-betebeharrak betetzen baditu eta besteak iruzurra egiten badu –BEZa ez ordainduz adibidez– inikitatea modu larrian sartzen da tributu-sisteman.

Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordetik nabarmendu egiten dugu iruzurra egitea saihesten duten prebentzioko jardueren garrantzia eta, esparru honetan bereziki, lehentasunezko deritzogu kontzientzia fiskal kolektiboa eta gizalegearen eta tributuen alorreko balioak heztea indartzeari. Horrela jasotzen da foru-aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak 2015erako Iruzur Fiskalaren kontrako Baterako Planean adostutako programan, eta horren aurrean, BEZik gabeko sustapen-kanpainak kontraprogramazio zuzena dira. Horregatik, merkataritza-esparruan horrelakoak baztertu eta deskonektatzea babesten dugu, eta horien ordez bestelako sustapen-jarduerak egitea, herritarren artean nahasmen fiskala eragin gabe eta tributuen alorreko nahikotasun- eta ekitate-printzipioekiko errespetugabeko mezuak zabaldu gabe.

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude