Atzera egite bat ozta-ozta kotxe baten urrutiko erosketa ausartegian

EKA/ACUVeko abokatu baten lan azkarrak eta Burladan dagoen Argauto Opeleko kontzesionarioaren behar bezalako erantzunak ahalbidetu zuten atzera botatzea bigarren eskuko ibilgailu baten urrutiko salmenta, non aipatu saltokiko saltzaile batek lan iluna egin zuen eta erosleak, gure bazkide batek, konfidantza gehiegiz jokatu zuen, prezio handiko erosketa batean inolako segurtasun neurririk hartu gabe.

E.F.k bigarren eskuko kotxe bat erosi nahi zuen eta lagun batek eman zion Aragautoko komertzial baten mugikorrera deitu zuen. Saltzaile hori benetan saltoki horretakoa zenentz baieztatu gabe eta kotxea ikusteko eta probatzeko bertaratu gabe ere, gure bazkideak Opel Zafira bat erostea adostu zuen telefonoz komertzialarekin. Prezioa, 16.200 euro, 1.500 euro eskudirutan aurreratuta eta gainontzekoa finantziatuta.

Tratua itxi baino lehen saltzaileak eta erosleak izan zituzten berbaldietan eskudirutan ordaintzekoa 2.200 eurotara igotzea adostu zuten, “kontuak borobiltzeko”. E.F.k diru hori transferitu zuen komertzialak eman zion kontu batera komertzialaren izen tipia eta Argauto soilik jarrita, “Opel Zafira X modelo X matrikuladunaren erosketarako aurrerapena” edo antzeko zerbait zehaztu gabe.

Egun gutxi barru erosleari Cetelem banku finantzarioak bidalitako 17.000 euroko finantziaketa-kontratu agiria heldu zitzaion. Transferitutako 2.200 euroak gehi finantziatzeko 17.000 euro horiek 19.200 euro dira, Argautoko saltzailearekin adostutako 16.200 euroak baino 3.000 euro gehiago. Orduan artegatu zen gure bazkidea. Ez zuen finantzaketa-kontratua sinatu eta berehala etorri zen EKA/ACUVera salerosketan atzera egiteko laguntza bila. Akordioa telefonoz egin zenez, urrutiko salerosketa da, non 14 egun naturaleko epean atzera egiteko eskubidea dauka erosleak.

Denbora galdu gabe, kasu hau hartu zuen EKA/ACUVeko abokatuak Cetelem bankuari kontratua ez zela sinatuko komunikatu zion eta Argautori “uko egiteko” eskaera luzatu zion. Eta Argautok, inolako eragozpenik ipini gabe, ordaindutako 2.200 euroak itzuli zizkion horrenbeste ausarkeriaz jokatu zuen gure bazkide zuhurtziagabeari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude