ELIKAGAIEN XAHUBIDEARI BURUZKO DATUAK ETA ETXEAN ALFERRIK GALTZE HORI EKIDITEN EDO MURRIZTEN SAIATZEKO AHOLKUAK

FAO, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzarako Erakundearen datuen arabera, munduan 800 bat milioi pertsonek desnutrizioa pairatzen duten bitartean, gizakion kontsumorako ekoizten diren elikagaien heren bat alferrik galtzen da: urtean 1.300 milioi tona. Gauza lotsagarria izateaz gain, halako zarrastalkeriak giza, material eta energia baliabide kopuru izugarri baten erabilpen alferrikakoa suposatzen du, eta berotegi-efektua eragiten duten gasen igorpen ez beharrezkoa ere bai.

Europar Batasunean, non populazioaren %9,8 elikadura-eskasian bizi den, urtero 88 milioi tona elikagai xahutzen dira, urteko eta biztanleko 173 kilogramo bataz beste. Europako Parlamentuak elikagaien alferrik galtze handi hori 2025.rako %20an murrizteko plangintza bat abiatu du, %50an 2030 urterako. Janariaren xahubidea lana, ura eta energiaren erabilpen alferrikakoa eta klima aldaketaren laguna da: ekoiztutako elikagai kilo bakoitzagatik 4,5 kilo CO2 jaurtitzen dira atmosferara.

Zarrastalkeria elikadura katearen eslaboi guztietan gertatzen da, ekoizpenetik kontsumoraino. FAOren datuen arabera, alferrik galtze horren %19 etxeetan egiten da. Hona hemen etxeetan elikagaien alferrik galtzea murrizteko aholku batzuk:

-Elikagaien heren bat zaborrara botatzen dugu. Neurtu ondo erosten duzuna dirua eta janaria alferrik ez galtzeko.

-Erosketa zerrenda prestatu baino lehen, begiratu ondo jaki-tokian, hozkailuan eta izozkailuan gordeta duzuna, dauzkazun jakien ordezko alferrak ez erosteko.

-Ez joan janaria erostera goseak zaudelarik, behar duzuna baino gehiago erosiko duzula frogatuta baitago.

-Orgaren neurriak (supermerkatuetan, hipermerkatuetan) erosten dugun kantitatean eragin psikologikoa du. Gutxi erostera bazoaz, har ezazu saski bat.

-Ontzi handia ez da beti proportzionalki txikia baino merkeago ateratzen, eta errazagoa da harekin behar dena baino gehiago erostea eta ordaintzea.

-Ontziratu gabekoak, soltean, pieza askeak erosiz (fruta, esaterako) errazagoa da erosketa egingo dugun kontsumora egokitzea ontziratutako paketeak erosiz baino, eta bidenabar beharrezkoa ez den plastikoa erabiltzea eta ordaintzea ekidingo dugu.

-Iraungitze-dataren eta kontsumo-lehenetsiaren dataren arteko aldeaz informa zaitez (dagoeneko ezagutzen ez baduzu) eta kontuan eduki erosterakoan eta etxera helduta jakiak gordetzean.

-Jaki-tokian, hozkailuan, izozkailuan, jarri atzealdean, behean, elikagai erosi berriak (berehala kontsumitzeko ez badira), beti ere iraungitze-datak eta kontsumo-lehenetsiaren datak kontuan hartuta, eta “aurreratu” lehen erositakoak lehenago kontsumitzeko.

-Plateretan ano egokiak zerbitzatu. Hobe da “errepikatzea” gosez geratuz gero plateretan gehiegi jarri izanagatik janaria zaramara botatzea baino.

-Soberakinak aprobetxatzeko ideiak eta errezetak bilatu eta erabili.

-Soberako janaria gai organikoentzako ontzian bota, konpost, ongarri… bihurtu ahal daitezela.


EKA/ACUV-EK EUSKADIKO ELIKAGAIEN XAHUBIDEAREN AURKAKO JARDUERA-EGITASMOAN PARTE HARTZEN DU

Elika Nekazaritzako Elikagaien Seguratasunerako Euskal Fundazioak koordinatuta, abiatu da Euskadiko Elikagaien Xahubidearen Aurkako Egitasmoa, non EKA/ACUV-ek parte hartzen du beste herri-erakunde eta administraritzekin batera.

Plan hau praktikan jartzearen helburu nagusia hauxe da: Euskadin, ekoizpenean, hornikuntzan eta kontsumoan xahutzen den elikagaien kopurua murrizteko jokaerak egitea eta sustatzea. Halaber, gizakion kontsumorako elikagai-soberakinen dohaintza erraztu nahi da eta, bigarrenik, soberakinen berreskuratzea animalien elikaduran erabiltzeko.

Bestaldetik, Nazio Batuen Erakundeak Garapen Jasangarrirako zehaztu dituen helburuei eta Europar Parlamentuak 2012ko urtarrilaren 19an emandako erabakiaren gomendioei Euskadi behar bezalako erantzuna emateko gai izan dadila bilatzen da: 2030. urterako, kontsumitzaileen aldetik eta txikizkako salmentan biztanleko elikagaien xahubidea erdira jaistea eta ekoizpenean eta hornikuntzan elikagaien alferrik galtzea ere murriztea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude