KONTSULTA: ASEGURUEN PRIMETAN IGOERAK, EPEAK ETA ERREKLAMAZIOAK SEKTORE HORRETAN

Martxoan aseguru-etxe batekin kontratatuta dauzkadan bi asegururen (luzagarriak) epemugak betetzen ziren eta aurretik niri jakinarazi gabe bietan prezioak igo dizkidate. Legezkoa al da hori? Erreklamarik ba al dut?

Prezio igoera horiek zuri aurreko abisurik eman gabe eta, beraz, zure onespenarik gabe, legez kontrakoak dira. Aseguru-kontratu batean, prima, ordainketa, aseguru hartzailearen betebehar nagusia da, 50/1980 Aseguru Kontratuei buruzko Legearen 14. artikuluak ezartzen duen bezala. Lege hori birmoldatu zuen gero 20/2015 Legeak, Aseguru Etxeen eta Berraseguratzaileen antolaketa, ikuskatze eta kaudimenari buruzkoak. Priman egiten den edozein aldaketa kontratua aldatzea da, eta hori ezin da egin alde bien arteko akordiorik ezean, Kode Zibilaren 1.203. artikuluaren arabera: alde bien adostasunez baino ez daiteke kontratuan aldaketarik egin. Hortaz, Aseguru Kontratuei buruzko Legeak aseguratzailea behartzen du kontratuan egin nahi duen aldaketa bezeroari jakinaraztera kontratua amaitu baino bi hilabe lehenago gutxienez. Bi hilabete horietan aseguru hartzaileak konpainiak proposatu dion aldaketari baietza eman diezaioke eta kontratua luzatu ala ezetza eta kontratua amaitu adostutako datan. Primetan igoerak zure konpainiak bi hilabeteko aurrerapenaz jakinarazi ez dizkizula ziur bazaude (begiratu ondo jaso duzun komunikazioa), aurkez iezaiozu erreklamazio bat aurreko prezioak mantentzeko eta kobratu dizkizun igoerak itzultzeko exijituz. Baiezko erantzunik ezean, Aseguruen eta Pentsio Funtsen Zuzendaritza Nagusira berbidali erreklamazioa. Erakunde publiko horren ebazpenak ez dira lotesleak, bete beharrekoak, baina kontsumitzailearen aldekoak badira eta honek eskaera judizial bat aurkezten badu, garrantzi handikoak eta seguraski erabakigarriak izango dira epaiketan.

document-3265718_1280

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude