KANPINETAKO ERABILTZAILEEN ESKUBIDEEN GAINEKO KONTSULTA

Andaluziako kanpin batean urtero hilabete batzuk ematen ditugun erretiratutako senar-emazte bikote bilbotar bat gara. Duela gutxi arte kanpina oso lasaia zen, baina jende berria iritsi da gauean nahiko zarata egiten duena, ia goizaldera arte. Hainbat astetako ia gau guztiak halakoak izan dira. Kexatzerik al dugu? Lotsa pixka bat ematen digu, baina zarata gauean ez izateko erreklamatzeko eskubidea daukagula uste dugu. Ba al da honetan babesten gaituen legerik edo araurik?

Andaluziako kanpin enpresen betebeharrak eta bezeroen eskubideak Andaluziako Juntako Turismo-Kanpamentuen Antolamenduaren 164/2003 Dekretuak araututa daude. Beste eskubide batzuen artean, dekretu horrek segurtasuna, initimitatea eta lasaitasuna bermatuta edukitzeko eskubidea onartzen die kanpinetako bezeroei. Bere 11. artikuluak enpresak behartzen ditu beren barneko erregimenean zazpi ordu etengabeko ordutegi minimo bat jartzera, gauaz jakina, non ibilgailu motordunek ezin duten kanpinetik ibili eta zaratak ezin duen 50 dezibelatik pasa; zarata-neurgailuak edukitzera ere behartuta daude enpresak. Beraz, gauean zuen atsedenerako eta lasaitasunerako eskubidea errespetatua izan dadin erreklamatzeko bide duzue, erreklamazio-orria betez. Haren ondoren, kanpinaren zuzendaritzak gau-zaratak legezko muga gainditzen duenentz begiratu beharko luke eta hala balitz hura konpontzeko beharrezko neurriak hartu. Zuen erreklamazioaren aurkezpenetik hamar egun igarota zuzendaritzak neurketa egiten ez badu edo erantzunik ematen ez badizue, erreklamazio-orriaren “Administrazioarentzako kopia” bidal ezazue kanpina dagoen probintziako Andaluziako Juntako Turismo, Merkataritza eta Kiroleko Kontseilaritzako Ordezkaritzara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude