Merkealdia ondo probetxatzeko aholkuak

rebajas-web

Larunbatean, uztailaren 1ean, udako merkealdia hasiko da. EKA/ACUV-ek txalotzen du euskal merkatariek ohiko merkealdia mantentzeko hartu duten erabakia (urtarrilako merkealdian egin zuten moduan), merkealdiak erabat liberalizatzen eta merkataritzan ordutegiaren flexibilizazioa handitzen dituzten Rajoyren Gobernuaren dekretuari eta Auzitegi Konstituzionalaren epaiari muzin eginez.

Beherapenak erosketa probetxagarria egiteko aukera ona izaten dira, beti ere arrazoizko jarraibide batzuk begiratuta: zentzuzko aurrekontu bat eta erosketa zerrenda bat zehaztu, erosiko den produktu bakoitzean kalitateari eta deskontuari erreparatu… Hona hemen EKA-ren aholkuak. 

Erosketa zerrenda eta aurrekontua. Lehen urratsa aurrekontu bat eta erosketa zerrenda bat zehaztea da, aurretik behar edo nahi ditugun produktuak eta gure ekonomiak erosketa horretarako uzten diguna ere ondo pentsatuta.

Kontuz txartelarekin. Kredito edo debito txartela erabiltzen badugu, zentzudun gastu muga bat ere ezarri behar da, izan ere txartelarekin ordainduz eskudiruarekin baino gutxiago konturatzen gara egiten ari garen gastuaz. Jakin behar da ere bai beherapenetan saltokiek txartelarekin ordaintzea uka dezaketela, horixe nabarmenki ohartarazita.

Ondo erreparatu etiketari, prezio bikoitzari. Karteletan iragartzen diren deskontu deigarriak ez dira beti saltokiko produktu guztietan ezartzen. Ondo begiratu behar dugu beraz gura dugun artikuluaren etiketa, zeinek merkealdiko salneurria zein aurrekoa (edo ezarritako deskontu portzentaia) azaldu behar dituen.

Kalitatea ere ikusi. Beherapenetan saltzen diren artikuluek ezin dute akatsik eduki eta salgai egon behar izan dira merkealdia hasi baino hilabete lehenagorarte gutxienez. Produktu akastunak soilik saldoetan edo likidazioetan sal daitezke, ez merkealdian. Hala ere, erosi aurretik komeni da begiratu bat ematea hutsunerik ez dagoela egiaztatzeko.

Bermeetan murrizketarik ez onartu. Merkealdian Bermeen Legea ez doa oporretara. Produktu berriek bi urteko bermea izaten jarraitzen dute, eta bigarren eskukoek, urtebetekoa. Idatzizko edo eustarri iraunkorreko bermea beharrezkoa da bizitza luzeko produktuetan (etxeko elektrotresnak, erremintak, altxariak, jostailuak, instrumentuak, ibilgailuak…).

Artikulua aldatzeko edo itzultzeko aukeraz galdetu. Merkealdian zein denboraldi normalean merkatariak erositakoa aldatu edo dirua itzuli behar du soilik produktuak akatsen bat badu edo saltokiaren edo produktuaren publizitatean kontsumitzailearen aldetik zuzenespen beharrik gabeko aldaketa edo diru itzulpena iragartzen badira. Soilik etxez-etxeko salmentan egindako erosketa atzera bota dezake kontsumitzaileak (14 egun naturaleko epean) arrazoirik eman gabe. Dena dela, produktu bat erosi baino lehen komeni da ondo egon arren alda daitekeen galdetzea, merkatari askok hori onartzen bait dute.

Tiketa hartu eta gorde. Erosketaren tikea edo frogagiria hartu eta gorde egin behar dugu beti, izan ere ezinbestekoa da erreklamazio bat aurkezteko, adibidez produktua akastuna delako edo ondo ez dabilelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude