INTERNETEN BIDEZ OPORRETAKO APARTAMENTUAK ALOKATZEAN ARAZOAK SAHIESTEKO AHOLKUAK

Aurretik zehatu gabeko gain-kostuak, kantzelaziorako arazoak, maila eta prestazioak iragarritakoak baino baxuagoak… baita iruzur borobilak: alokairua ordaindu eta gero apartamentua… ez dago! Oporretarako apartamentuak Interneten bidez kontratatzean hartzen ditugun arriskuetako batzuk dira. Hortaz, komeni da neurriak hartzea eta tratua segurtasun handienarekin egiten saiatzea.

-Egizu kontratazioa weborri seguruetan. Begiratu helbidea “https:”z hasten dela, giltzarrapo itxiko ikonoa azaltzen duela, helbide fisiko bat ematen dela, bermeko zigiluren bat agertzen dela, Confiana Onlinekoa adibidez…

-Weborrien zehaztapen eta baldintza orokorrak irakur itzazu eskaintzen dizkizuten bermeak eta segurtasunak jakiteko.

-Ordainketak nola kudeatzen dituen ere begiratu. Bitartekaritzako plataforma batzuk ordaindutako zenbatekoa atxikitzen dute eta zu iritsi eta hogeita lau ordu igaro arte ez diote errentatzaileari ematen, eta horrela dena ondo dagoela egiaztatzeko parada duzu.

-Weborriak adierazten dituen ordaintzeko moduak erabil itzazu. Bestelakorik erabiltzekotan plataformak ez dizu jaramon egingo erreklamazioren bat egin behar baduzu eta iruzur baten biktima izateko arrisku gehiago hartzen duzu.

-Ordaindu baino lehen, begiratu ondo azken prezioa eta litezkeen kargu xehatuak. Egun bakoitzeko egonaldiaz gain, beharbada beste zerbait batzuk ere ordaindu beharko dituzu: weborriaren komisioa, aparkalekua, garbiketa zerbitzua, bertoko zergak… Argitu zalantza guztiak jabearekin.

-Galdetu fidantzarik dagoen, zenbatekoa den, zer gorabeherak estaltzen dituen, nolakoak diren itzultzeko baldintzak…

Izan zaitez zuhur, saiatu informazioa egiaztatzen

-Kontuz ibili pagotxekin; apartamentu baten alokairuaren prezio oso baxuak arriskuak ezkuta ditzake.

-Argazkiak gezurtiak izan daitezke, errealitatea makilla dezakete.

-Weborriari eta apartamentua dagoen tokiari eta inguruari buruz beste erabiltzaleen iritziak bilatu eta irakurri, kontuan edukita manipula daitezkeen arren asko badira segur aski asetze orokorreko gradua islatuko dutela.

-Begira ezazu weborriak eskaintzen duen apartamentua eta bere ezaugarriak egiaztatzeko tresnaren bat eskaintzen duen.

Kontuz! Higiezin agentzia batekin eta partikular batekin kontratatzea ez dira gauza bera

-Apartamentua higiezin agentzia batekin kontratatzen baduzu, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko legeen babesa edukiko duzu, kontsumoko erreklamazio formal bat aurkeztu ahal izango duzu, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak laguntzeko erakunde publikoen babesaz gozatuko duzu.

-Pertsona partikular batekin egiten baduzu alokairuaren kontratazioa, ez zara kontsumoko legediak babesturik egongo eta arazorik izanda akordio batera heldu ezinean bide judiziala baino ez duzu izango.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude