Arduraz jokatu arraina erostean

Arrantzatik datozen produktuekin egiten den iruzurra eta horrek ingurumenean duen eragina eragotzi egin daitezke, besteak besteak etiketa irakurrita eta produktu jasangarriak aukeratuta.

Kontsumitzaileak hainbat iruzur saihestu behar izaten ditu arrantzatik datorren produktu bat erosten duen bakoitzean: “Kantauriko bakailaoa” eskainiko diote, baina akaso ez da izango ez Kantauriko eta bakailao; legatza erosten ari delakoan, panga sartuko diote, eta horrelako beste hainbat. Iruzur horiek, sakelari eragiteaz gain, arriskuan jartzen dute kontsumitzailearen osasuna, eta baita itsasoetako ingurumena ere. Funtsezkoa da, beraz, zenbait gako kontuan hartzea arrantzatik datozen produktuak erosteko orduan: etiketa irakurtzen ikastea, mauka susmagarriak baztertzea, jasangarritasun ziurtagiria daraman arraina erostea…

1. Ongi irakurri etiketa.

Arrainaren etiketak kontsumitzailearen eskura egon behar du, eta informazioa ageriko lekuan jarri behar da, erraz ikusi eta irakurtzeko, eta ezabaezina izan behar du. “Ez du deusetarako balio etiketa jarri bai, baina irakurrezina izatea edo kontsumitzaileak ez ikusteko moduan egotea, eta horixe gertatzen da saltoki batzuetan”, nabarmentzen dute WWF Espainia erakundeko ordezkariek. Oceana elkarteak Europan duen ordezkariak, berriz, Maria Jose Cornax-ek, etiketari lotutako beste iruzur bat nabarmentzen du ikusgarritasun falta horretaz gain: zenbait lekutan ez dutela etiketarik jarri ere egiten dio, edo gezurra esaten dutela berariaz. “Orain dela gutxi arrandegi batean ikusi nuen xerra zuri batzuk saltzen ari zirela “Kantauriko Bakailao” gisa, baina ez zen bakailaoa eta zen Kantaurikoa ere, itsaso horretan ez baita izaten”, azaldu du.

2. Jarri arreta trazabilitateari.

Arrantzako produktuei eta haztegietakoei dagokienez (akuikultura), trazabilitateak esan nahi du kate komertzialaren fase guztien arrastoa atera daitekeela, hasi ontzitik edo haztegitik, eta mahairaino. Etiketak bezala, informazio horrek ere eskura egon behar du nahitaez. Zalantzaren bat izanez gero, saltokiari eskatu dakioke lehenbiziko salmenta oharra edo trazabilitate dokumentua, hor agertuko baita produktuaren inguruko informazio guztia.

3. Ez dago maukarik.

Arrainak beti du bere balio ekonomikoa eta ingurumen balioa, eta, beraz, ez da izaten maukarik. Adibidez, legatz edo bakailao ustez freskoa 4 euroren azpitik aurkitzen badugu (kiloa), ez da izango freskoa eta ez da izango ez bakailaoa eta ez legatza. Cornax-ek azpimarratzen duen bezala, arrantzako produktuei beren balioa ematea, ezagutzea, etiketa eskatzea eta bidezko prezioa ordaintzea da modurik onena iruzurrik ez diezaguten egin eta gure itsasoak zaintzen lagundu dezagun.

4. Erosi leku baimenduetaneta burua erabiliz.

Celia Alvarez WWF Espainia erakundeko Itsas Programaren arduraduna da, eta oinarrizko beste aholku batzuk eskaintzen ditu:

-Leku baimenduetan bakarrik erostea, gure osasuna arriskuan ez jartzeko.

-Ez jatea jatorri ezezaguna duen arraina edo itsaskia.

-Jaten den arraina eta itsaskia dibertsifikatzea, urteko sasoi bakoitzean aldatu egiten baita itsasoak eskaintzen duena.

-Gutxieneko neurriak eta debekualdiak betetzen dituzten produktuak erostea, arriskuan jar baitezakegu horien etorkizuna.

5. Bilatu jasangarritasun ziurtagiriaduten produktuak.

“Kontsumitzaileei egiten zaien iruzurra eta neurriz kanpoko ustiapena bukatu egingo lirateke arrantza jasangarria babestuko bagenu”, azpimarratzen du Laura Rodriguezek, MSC erakundeak Espainiarako eta Portugalerako duen arduradunak (erakunde horrek ematen du arrantza jasangarriaren ziurtagiria). Nazioarteko ziurtagiri horri esker, herritarrek jakin egin dezakete zein arrain eta itsaski arrantzatu diren ingurumena errespetatuz, eta horiek erosi.

6. Ikasi kontsumitzaileek zernolako eskubideak dituzten eta horiek betearazi.

Kontsumitzaileek eskubidea dute arrainak eta itsaskiak etiketa egokia eraman dezaten, beste produktu batzuekin gertatzen den bezala, eta eskatu egin dezakete hori bete dadila. Legez kanpokoa da produktu bati etiketa behar bezala ez jartzea, eta zigor administratiboa dakar berekin. Eta, gainera, iruzur egiten saiatzen bazaizkigu, arriskuan jar dezakete kontsumitzailearen osasuna. “Oso garrantzitsua da hori bete dezatela eskatzea, eta ez bakarrik informazio faltak gure sakelari eragiten diolako saltzen digutenean, adibidez, Namibiako legatz bat hemengoa balitz bezala (garestiagoa da); horretaz gain, ezagutzarik gabe, espainiarrok ez dugu jakingo nola ari diren hondatzen gure arrantzalekuak eta itsasoko ingurumena”, adierazi du Oceanako adituak. Alvarezek azaldu duenez, bestalde, arrainak etiketa egoki jarrita duenean, kontsumitzaileek jakin egin dezakete produktuak zernolako aukerak eskaintzen dituen, eta horrekin batean, eragotzi egiten da ustezko iruzurra, zeinak zaildu egiten baitu erosketa arduratsua egitea.

7. Egin erreklamazioa administrazioei.

Herritarrak erreklamazioa aurkeztu diezaioke hornitzaileari (arrain saltzailea, denda…) uste badu bere eskubideak urratzen ari zaizkiola, eta beharrezkoa ikusten badu, gainera, erreklamazio orria bete dezake (bezeroaren eskura egon behar du beti). Kasurik egiten ez badiote, kontsumitzaileak erreklamazioa jar dezake honako bide hauetakoren bat erabilita:

-Kontsumitzaileak Informatzeko Udal Bulegoan (udalerri askotan izaten dira).

-Autonomia erkidegoek jarritako kontsumo zuzendaritzetan.

-Kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetan.

-Kontsumoko arbitratze batzordeetan.

-Kontsumoko Arbitratze Sistemara atxikita.

Garrantzitsua da araudia bete dadila eta Administrazio publikoak konpromisoa har dezala hori hala izan dadin.

Iturria: Consumer aldizkaria / 2017ko ekaina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude