Bizimodua aldatuta, herritar osasuntsuagoak

tripa-hamburguesa

UPV/EHU-ren prentsa-oharra. 2017/10/20

UPV/EHUko ikerlan batean, gehiegizko pisua edo obesitatea duten biztanle hipertentsiodunak karakterizatu dituzte.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko ikertzaileek zazpi urte daramatzate gehiegizko pisua/obesitatea duten eta egoneko bizimodua daramaten biztanle hipertentsiodunak aztertzen. Duela gutxiko argitalpen batean, UPV/EHUko taldeak biztanle horien osasun egoera zehaztu du funtsezko markatzaile fisiko, fisiologiko, kliniko eta nutrizional batzuen bitartez, sexuaren eta egoera fisikoaren arabera bereizita.

Sarritan, pertsona berberak hala obesitatea nola hipertentsio arteriala izan ditzake. Bada, bi gaixotasunok arrisku kardiobaskularraren kausa nagusia dira. Pertsona batek hipertentsioa izango du, baldin eta ≥140 mmHg-ko balioa badu presio arterial sistolikoan eta/edo ≥90 mmHg-koa presio arterial diastolikoan, eta/edo hipertentsioaren aurkako terapia farmakologikoa hartu behar badu. Oro har, munduko biztanleen % 30-45 inguruk dute hipertentsioa. Gainera, gaur egun, gutxi gorabehera biztanleen % 69k dute gehiegizko pisua eta obesitatea, eta horietatik % 35 obesoak dira. Hori dela eta, hipertentsioa nahiz gaixotasun kardiobaskularra kontrolatzeko eta saihesteko, arrisku kardiobaskularra kuantifikatu behar da; izan ere, nahiz eta herritar hipertentsiodun gutxi batzuek baino ez duten presio arterial altua, gehienek bestelako arrisku faktore batzuk dituzte: obesitatea, diabetesa, egoneko bizimodua…

Gauza jakina da sexu desberdintasunak beste modu batera eragiten duela hipertentsioaren eta arrisku kardiobaskularraren garapenean. Alabaina, oraindik ez da argitu ea desberdintasun hori faktore gisa aintzat har daitekeen gaixotasunaren pronostikoa eta tratamendua egiteko orduan. Bestalde, zenbait azterlan esperimentalek erakutsi dute egoera fisikoa edo bihotz-biriketako gaitasuna estuki lotuta dagoela arrisku kardiobaskularrarekin (bihotz-biriketako gaitasun apala izanez gero, arrisku hori areagotu egiten da); esaterako, osasungarria ez den dieta batekin.

Hori guztia dela eta, UPV/EHUko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko ikertzaileek, IMQ-Amáricaren (Gasteiz) eta Saiakuntza Klinikoen Unitatearen (Tecnalia, Gasteiz) laguntzarekin, gehiegizko pisua/obesitatea duten, jarduera fisikorik egiten ez duten eta hipertentsioa diagnostikatua duten biztanleen egoera klinikoa, fisikoa eta fisiologikoa eta elikadura eredua zehaztu dituzte, sexuaren eta terapia tratamendu ez-farmakologiko bat hasi aurretik zeukaten gaitasun kardiorrespiratorioaren arabera bereizita.

Biztanleen karakterizazioa

Ikerlana Gasteizen egin da, Sara Maldonado-Martinek zuzenduta, eta 24 eta 70 urte arteko 209 pertsonak parte hartu dute, 141 gizonek eta 68 emakumek. Parte hartzaile guztiei hala geldialdian zeudela nola ahaleginean ari zirela egin zaizkie neurketak (neurketa antropometrikoak, gorpuzkeraren neurketak, neurketa fisiologikoak, biokimikoak eta dietetikoak).

Ilargi Gorostegi-Anduagak, argitaraturiko artikuluaren lehen egileak eta doktorego aurreko ikasleak, hauxe azaldu du: “Zazpi urte hauetan egin dugun lan honi esker, ikusi ahal izan dugu azterturiko biztanleek, metabolikoki osasuntsuak ez diren obesotzat sailkatutakoek, arrisku kardiobaskular handia dutela. Pertsona horiek, hain zuzen ere, hipertentsio diagnostikoa dute, gehiegizko pisua/obesitatea, gluzemia maila handia, lipido eta enzima hepatikoen balio osasungaitzak, inflamazio sistemikoa eta bihotz-biriketako gaitasun eskasa. Horrez gain, hipertentsio balioak izaten dituzte esfortzu fisikoa egiten ari direnean, eta dieta eredu aterogenikoa daramate, hau da, dieta edo elikadura ohitura desegokia eta osasungaitza dute, eta horrek gantz plakak sortzen dizkie arterietan. Gainera, gizonekin alderatuta, emakumeek ezaugarri biokimiko eta dieta eredu hobeak zituzten, baina ezaugarri fisiko eta fisiologiko apalagoak”.

Azkenik, egiaztatu da bihotz-biriketako gaitasun handiagoa izateak arindu egin ditzakeela arrisku kardiobaskularraren faktore batzuk: gorputz masaren indize altua, gantz hepatiko altua eta beheranzkoa ez den gaueko presio arteriala. Hala, Ilargi Gorostegi-Anduagaren hitzetan, “biztanle horien ezaugarri klinikoak, fisikoak, fisiologikoak eta dietetikoak identifikatuta, garbi ikus daiteke bizimodua aldatu egin behar dela biztanleak osasuntsu egon daitezen; esate baterako, elikagaien kalitatea hobetu eta jarduera fisikoa erregulartasunez egin behar dugu, horrek ondorio onuragarriak baititu arrisku kardiobaskularraren faktoreetan”.

Informazio osagarria

Ikertzaileak UPV/EHUren Kirol eta Hezkuntza Fakultateko Gorputz eta Kirol Hezkuntza Saileko Kirol Errendimenduaren Analisiaren Laborategikoak dira.

Erreferentzia bibliografikoa

Gorostegi-Anduaga I., Corres P., Jurio-Iriarte B., Martínez-Aguirre A., Pérez-Asenjo J., Aispuru GR., Arenaza L., Romaratezabala E., Arratibel-Imaz I., Mujika I., Francisco-Terreros S., Maldonado-Martín S. Clinical, physical, physiological, and dietary patterns of obese and sedentary adults with primary hypertension characterized by sex and cardiorespiratory fitness: EXERDIET-HTA study. Clinical and Experimental Hypertension. 2017 Aug 7:1-9. doi: 10.1080/10641963.2017.1346111.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude