Detectada en Bilbao otra empresa de ventas agresivas a domicilio: Grupo Prodice Direct

KONTUZ!

EKA/ACUV-ek Bilboko Plaza Barrian duen bere bulego nagusira gaur goizean Bilboko Otxarkoaga auzoko familia bat etorri da etxez-etxeko salmenta oldarkor baten biktima izan dela salatzera, Grupo Prodice Direct enpresak egindakoa. Enpresa horrek Madrilen du egoitza eta lehen markako etxeko produktuak, osasunerako eta deskantsurako produktuak eta liburuak saltzen dituela esaten du.

“Eroslea”, bi senidez lagunduta etorri dena, garun-atrofia duen eta noiz behinka aldi baterako oroimen galtzeak dituen adineko andre bat da. Horregatik ez du gogoratzen nola kontaktatu zuten harekin Grupo Prodice Directeko saltzaileek eta nola sartu ziren bere etxera. Horren emaitza da produktu batzuk saldu dizkiotela (tablet bat, liburu bat, etxerako tresneria…) 3.000 bat eurotan, horietatik zati bat eskudirutan emana eta gainontzekoa 71,98 euroko 39 hileko letratan finantziera bati ordaindu beharrekoa, erakutsi diguten kontratuan ikusten denez.

Kasu honetan etxez-etxeko salmentetan erosleek duten atzera egiteko eskubidea, 14 egun naturaleko epea duena, gaindituta dago. Hortaz, elkarte hau kontratua desegiten saiatuko da aipatu enpresari komunikatuz eroslearen buru-ahalmenak gutxituta egonda kontratazioa onespen-akatsekoa izan dela. Andreak bere gaitza frogatzen duten mediku-agiriak ekarri ditu. Familia honek esan digu bere auzokide batzuk ere jaso dutela Grupo Prodice Direct enpresako komertzialen bisita, zerbait erosi duten ala ez zehazki ez dakielarik.

Familia hau sinetsita dago Grupo prodice Directek nolabaiteko lotura duela Alba Cultural Siglo XXI enpresarekin, zeinek duela urte batzuk Otxarkoagako andre honi, bere etxean eta era antzekoan ere, koltxoi “terapeutiko” bat saldu zion izugarri garesti. Kasu hartan andrearen senide gazteek salmenta hura atzera botatzea lortu zuten uko egiteko eskubidea garaiz gauzatuz.

Etxez-etxeko merkataritza agresiboaren aurrean (gas, telefonia eta argindarreko komertzialen bisitak ere hortxe sartuta, nahiko arazo eta erreklamazio ere sortzen dituztelako) EKA/ACUV-en aholku nagusia da arretarik ez ematea, etxera sartzen ez uztea. Sartzekotan eta kontsumitzailei eskaintza interesgarria irudituz gero, ez sinatu une horretan, inolaz ere lehen bisitan; komertzialei informazioa uzteko eskatu (publizitatea, kontratuak…) sakonki aztertzeko, artikuluen prezioak dendetan dauden antzeko produktuen prezioekin aldentzeko… erosteko erabakia hartu baino lehen. Kontratua sinatu eta berehala damutzen direnentzako aholkua: ahalik eta lasterren atzera egiteko eskubidea gauzatzea, haien kabuz enpresara burofax bat bidaliz edo kontsumitzaileen elkartei, KIUBei edo Kontsumobideri laguntza eskatuz. Eta saltzaileak atzera egiteko eskubidea ukatzen badu, eskaera judiziala aurkeztu.

2 comentarios en «Detectada en Bilbao otra empresa de ventas agresivas a domicilio: Grupo Prodice Direct»

Deja un comentario